Nazioarteko Folklore Jaialdia indartzeko hainbat pizgarri edo formula probatu dituzte azken urteetan Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek. Sarrera kobratzeari laga zioten lenenik. Iaz, berriz, emanaldiaren ordua aurreratu eta kalejira bat antolatu zituzten. Bide honi eutsiz, aurten ere ez da berrikuntzarik faltako. Nagusiena, Olaizaga kiroldegia laga eta Maalako parkean egingo dutela Elgoibarko 31. Nazioarteko Folklore Jaialdia. Uztailaren 21ean, barixakua izango da, 22:30ean, ohiko ordutegira itzuli baitira (iaz 20:30ean izan zen).
• Jose Inazio Sarasuari eskainia
1987. urtean ospatu zen lehen aldiz Elgoibarko Nazioarteko Folklore jaialdia. Haritz dantza taldetik azaldu dutenez, Jose Inazio Sarasuak ekarri zuen jaialdia Elgoibarrera. Estreinako jaialdia Ikastolako frontoian egin zuten, eta hurrengo guztiak Olaizaga Kiroldegian. "Ezinbestekoa izan zen Jose Inazio Sarasuak jaialdi hau sortu eta aurrera ateratzeko egin zuen lana. Haritz dantzari taldeko zuzendari, txistulari, gidari eta laguntzaile ordezkaezina zendu da aurten eta berari eskaini nahi diogu aurtengo 31. edizioa".
• Soka dantza berezia dantzatuko du Haritzek
Elgoibarko Folklore jaialdian estreinakoz egingo den dantza batekin hasiko du Haritzek aurtengo emanaldia. 2013. urtean Iruñeko Duguna dantza taldeak soka-dantza berezia moldatu zuen San Blas egunean eta San Joan bezperan dantzatzeko. Nafarroako zenbait soka-dantzatan gertatzen den bezala, sokan hasi eta ingurutxoan bukatzen da dantza. Haritz dantzari taldeko kideei Dugunako zuzendari den Aritz Ibañez-ek erakutsi die soka-dantza.
Haritz Dantzari Taldearen bigarren agerraldian erromeria giroa nagusituko da eta han eta hemengo dantzaldietan ohikoak izan diren erako dantzak ikusi ahal izango dira. Jotak, arin-arinak, Imotzeko esku-dantza, binangoa, jauziak… tartean, sorpresa bat edo beste ere izango dela aurreratu dute.
Hona hemen, Haritzekoekin batera arituko diren nazioarteko folklore taldeak:
INDIA - Rangsagar
India tradizio eta kultura aberatsa duen herrialdea da. Ransagar taldea Indiako kultura koloretsuaren ispilua da. Rangsagar duela 15 bat urte eratu zen Indiako kultura ezagutarazteko helburuarekin. Azken hamar urteetan, taldeak, Indiako bertako hainbat programatan zein nazioarteko folklore dantza eta musika jaialditan parte hartu izan du.
TXUVAXIA - Estatuko abesbatza eta dantza taldea
Txuvaxiako abesbatza eta dantza taldea 1924an sortu zen. Hasiera batean, herri-abestien abesbatza zen baina geroago dantza tradizionalak gehitu zituzten beraien errepertorioan. Horretarako Alexander Angarov koreografoaren laguntza jaso zuten. Taldearen programa oso anitza da eta, besteak beste, folkloreko kantu-dantzak eta herrialdeko jolasak jasotzen dituzte.