Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdiak 30 edizio beteko ditu aurten, eta zenbait berrikuntza iragarri ditu Haritz Euskal Dantzari Taldeak uztailaren 22an egingo duten jaialdirako. Hasiera ordua aurreratu dutela da berrikuntza nagusia. 22:30ean izan ordez 20:30ean hasiko da jaialdia.
•Kalejira kiroldegiraino
Bestalde, aurten Txiletik eta Hego Afrikatik etorriko diren folklore taldeak, Haritzeko kideekin batera, kalejiran joango dira Kalegoen plazatik Olaizaga kiroldegiraino. Orain arte, kanpotik zetozen taldeei harrera eta ongi-etorria egiten zieten Elgoibarko udaletxean, eta handik afaltzera joaten ziren gero. Jaialdiaren ordua aurreratu dutenez, eguraldia lagun izanez gero, kalejira egingo dutela jakinarazi du Haritzek. Udaletxeko harrerara dantzako arropekin joango dira dantzariak. Ondoren guztiak batera kalejiran joango dira Maalara, eta handik kiroldegira, jendea jaialdira erakartzeko asmoz.
•Txileko eta Hego Afrikako taldeak
Txiletik Temucoko Ballet Folklorikoa etorrikoa da. 1992tik aritu da beren naziotasuneko ezaugarriak biltzen. Izan ere, ezaugarri horiek mundu guztiak ulertzen duen hizkuntzaren bitartez zabaltzea du helburu, musika eta dantzaren bitartez, alegia. Taldean gazteak dira gehienak eta Txileko kulturaren aniztasuna ondoen erakusten duen balletetakoa da.
Hego Afrikakoa, berriz, Themba Nijlo Fundazioko dantza tradizionaleko taldea da. Kwa Zuluren eskualdean sortu eta inguruko ikaslez osatuta dago. Eskainiko duten ikuskizuna danbor afrikar eta abesti tradizionalekin (zulu jatorrikoak gehienak) lagunduko dute. Aipagarriak dira baita ere erakutsiko dituzten jantzi koloretsuak. Taldeak esperientzia handia dauka eta nazioartean zein Hego Afrika eta Europako hainbat tokitara eraman ditu herrialdeko dantza eta tradizioak, Estatu Batuetara zein Indonesiara besteak beste.
Haritz Euskal Dantzari Taldeak urtero parte hartzen du jaialdian eta aurten Gipuzkoako eta Arabako dantzak eskainiko dituzte. Informazio osoagoa Haritz EDT barren.eus komunitatean: Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdiak 30 urte.
Ikus hemen 2015eko Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdiko laburpen-bideoa: