Mugikortasun Planari buruzko galdetegia jarriko du martxan Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2017ko ira. 20a, 09:42

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, 600 inkesta egingo dituzte herritarrek emandako erantzunen bidez Mugikortasun Iraunkorrerako Plan berria hobetzeko asmoz.

Elgoibarko Udalak Colin Buchanan Consultores, S.A. enpresari esleitu dio herriko mugikortasun jasangarriaren plana (PMUS) egiteko lana. Herriko mugikortasunaren diagnosia egingo dute lehenik, eta horretarako, iraila eta urria bitartean, hainbat datu aztertuko eta batuko dituzte, hala nola, trafikoa, garraio publikoak, aparkalekuak eta herritarrei mugikortasunaren inguruan egingo dizkieten inkestak.
Udal arduradunek azaldu dutenez, azterketa "zehatza" izateko helburuarekin, guztira 600 inkesta egingo dituzte: 400 telefonoz, eta beste 100 kalean egingo dira, gidariei eta garraio publikoko erabiltzaileei, eta azkenik beste 100, kaletik doazen oinezko eta txirrindulariei.

• Elgoibartarren bizi-kalitatea hobetzea
Ane Beitia Elgoibarko alkatearen esanetan, Mugikortasun Plan berriaren helburu nagusia elgoibartarren bizi-kalitatea hobetzea da. "Udalak, herriko mugikortasuna, Elgoibarren garapen egoki baterako funtsezko tresnatzat jotzen du eta horregatik, parte hartzera animatu nahi ditut elgoibartarrak, guztion artean Mugikortasun Plan hobeago bat egiteko, guztion artean Elgoibar hobeago bat eraikitzeko”, adierazi du alkateak.
Bestalde, Iosu Arraiz, Hirigintzako Zinegotziaren berbetan, inkesta hauen bitartez jasoko diren erantzun eta ekarpenak, egungo hiri-baldintzak hobetzeko eta herriaren hazkundea, epe ertain luzera, "ordenatzeko" baliagarriak izango dira.
Era berean, ekimen honen helburua marko teknikoa garatzean oinarritzen dela nabarmendu du Udalak, herriaren mugikortasuna irizpide jasangarrien arabera bultzatuz. Proiektuak diagnostikoa eta proposamen fasea izango ditu. Heritarrak parte hartzera animatzeko kanpaina ere jarriko dute martxan.

mugikortasuna elgoibar udala inkestaLotura duten albisteak: