Elgoibarko Udalak jakitera eman duenez, pertsonen bizi kalitateari eusteko eta udalerria eta bere ingurunea bizileku egokia bihurtzeko ahaleginean, Mugikortasun Iraunkorrari buruzko Udal Plan berri bat eratuko du 2017.urtea amaitu baino lehen. Planaren erredakzioa burutzeko lizitazio iragarkia apirilaren 5ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Guztira, 50.000 euro (BEZa kanpo) bideratuko ditu Udalak planaren erredakziora, eta lehiaketa irabazten duen enpresak sei hilabeteko epea izango du lana egin eta entregatzeko. Proposamenak aurkezteko azken eguna, maiatzaren 4a da.
• Izaera integraleko plana
Ane Beitia, Elgoibarko alkatearen esanetan, “legealdi planean jasota daukagu mugikortasun plan berri baten idazketa. Planak azken finean, Elgoibarko udalerriko mugikortasun eta irisgarritasun arazoak identifikatzea, hauei buruzko diagnosi teknikoa egitea eta hobekuntza proposamenak zehaztea du helburu”.
Bestalde, Iosu Arraiz Hirigintza Zinegotziaren arabera, “planak izaera integrala du, Elgoibarko mugikortasunari buruzko aurretiazko diagnosia egiteaz gain, planak herriak duen potentzialtasuna aztertzeko aukera emango baitigu eta horretarako, prozesu parte hartzaile bat zabalduko da, elgoibartar orok bere iritzi eta ekarpenak egin ditzan”.
• Planak herritarren parte hartzea izango du ardatz
Elgoibarko Udalak beharrezkotzat jotzen du, plana egiterako orduan, taldeak (komertzioak, elkarteak eta inplikatutako bestelako agenteak) eta administrazioak integratzea eta horien partaidetza sustatzea, bai informazioa biltzerakoan, bai plana osatzerakoan ere.
Beste erakunde eta entitate batzuen, auzokideen elkarteen, udaltzaingoaren eta talde berezien informazioa jasoko da, baita erabiltzaileena beraiena eta esanguratsutzat jotzen diren beste hiritar profil batzuena ere.
Hala, planaren koordinatzaile nagusiak eta Mugikortasun Iraunkorrerako Foroaren koordinatzaileak, ardura izango duen zinegotziak emandako argibideak jarraituz, egokitzat jotzen duten mekanismoa zehaztuko dute herriko mugikortasunaren bilakaeran inplikatuta dauden eragilerik gehienek zuzenean parte har dezaten (foroak, inkestak, kontsulta, etab.).
Mugikortasun iraunkorrerako planaren jarraipena Batzorde iraunkor baten bidez egingo da. Batzorde honek, aldiro, lanaren bilakaera aztertuko du.
Elgoibarko udalerriko Mugikortasun Plan Integrala ondorengo helburu orokorren arabera egingo da:
- Elgoibarko mugikortasun arazoak identifikatzea: Bide sarean, bidegurutzeetan eta biribilguneetan dauden arazoak, trafiko astuna herriko bideetan. Aparkatzeko arazoak bai turismoentzat, bai ibilgailu astunentzat; aparkaleku publiko eta pribatuak. Garraio kolektiboko zerbitzuen arazoak (autobusa, trena, taxia…). Oinezkoek eta txirrindulariek joan-etorriak egiteko dituzten zailtasunak. Salgaien zamalanen ondorioz sortzen diren zailtasunak.
- Oinezkoek eta txirrindulariek dituzten irisgarritasun eta mugikortasun arazoak identifikatzea, eta oinezkoei eta txirrindulariei laguntzeko neurriak sustatzea. Horren bidez, beste garraiobide batzuk indartu nahi dira, eta bereziki, bizikletaren erabilera bultzatu nahi da.
- Identifikatu diren arazoei buruzko diagnosi teknikoa egitea, eta arazo bakoitzarentzat, prebentziozkoak eta zuzentzaileak izango diren neurriak proposatzea.
- Garraio publikoko sareek eskaintzen duten zerbitzuaren irisgarritasuna, estaldura eta zerbitzu maila hobetzea.
- Ibilgailuentzat eta oinezkoentzat hiriko gune publikoaren zein zati izan behar den zehazteko irizpideak ezartzea, aparkalekuak berrantolatzea. Honen helburua da gune publikoak berreskuratzea eta berritzea, trafikoarentzat leku gutxiago utzi beharko delako.
- Bide segurtasuna hobetzen eta istripuen kopurua eta larritasuna murrizten lagunduko duten proposamenak eta jarduerak egitea.
- Arlo desberdinetan, sartu-irteerak eta aparkalekuak arautzeko eta kontrolatzeko proposamenak egitea: egoiliarrak, garaje partikularren ibiak, txandakako aparkalekuak, salgaien zamalanak,… Bestalde, zonakatze plano bat sortzea, baita, garaje partikularretan, ibientzako baimenak emateko irizpideak ere.
- Hirigintzako bilakaera berriek mugikortasunean izango duten eragina aurreikustea, bizitegietarako, industriarako, ekipamenduetarako, merkataritzako zentro tertziarioetarako edo beste erabilera batzuetarako diren kontuan izan gabe.
- Talde berezien (enpresak, ikastetxeak eta bestelako ekipamenduak) mugikortasuna kudeatzeko neurriak hartzea.
- Jarduera programa bat egitea, ikuspegi ekonomikotik baloratuko dena.
- Helburu eta adierazle zehatzak ezartzea, energiaren kontsumoa murrizteko, eta ingurumenaren egokitasuna hobetzeko, eta bereziki, berotegi efektua duten eta atmosferara egiten diren isurketak murrizteko.
- Eskualde eta lurralde mailan egiten diren azterketekin edo planekin koordinatzea.
Informazio osoagoa Elgoibarko Udalaren web orrian.
∞Lotura duten albisteak:
- Kaleak oinezkoentzako berreskuratuko dituzte Mugikortasun Iraunkorraren Astean (2016-11-21)
- Bizikletak gure gizartea eraldatzeko izan dezakeen ahalmenaz hausnartuko du Unai Villenak Biziki egitasmoan (2016-09-21)
- Sormen eta mugikortasun proiektu batean parte hartzeko aukera izango dute Debabarreneko artista eta sortzaileek (2016-10-05)
- Elgoibarko Udala saritu du Espainiako Ingurumen Ministerioak, mugikortasun iraunkorra sustatzeagatik (2014-09-22)
- Bigarren eskuko bizikleten azokarekin amaitu zen III. mugikortasun iraunkorraren astea (2013-10-23)
- Ikasleak udaltzain egun batez (2013-10-15)
- Bizikleten bigarren eskuko merkatua egingo dute Mugikortasun Iraunkorraren Astean (2013-09-25)
- Bizikleta elektrikoak herriko ikastetxeei lagako dizkie Elgoibarko Udalak (2013-03-15)
- Patineteak aparkatzeko konponbidea (2012-10-18)
- Lanera eta eskolara bizikletaz(2012-10-17)
- Bizikletaren erabilera sustatuko dute mugikortasun iraunkorraren astean(2012-10-11)
- Ibilgailu elektrikoak ardatz dituen Emugi proiektua martxan da(2011-10-19)
- Hiri mugikortasuneko laborategi izango da Elgoibar(2011-02-22)
- ‘Elgoibar Berdea’: ohitura berriak eta iraunkorragoak bultzatzeko hamar ekintza(2010-04-27)