Erregimen frankistak jazarritako guztiak oroitzeko baliatu zuten zapatuko omenaldia. Hain zuzen, joan den irailaren 21ean bete ziren 81 urte tropa faxistak Elgoibarren sartu zirenetik.
"Gipuzkoa osoa zapaltzen ari ziren, eta Bilbora bi asteetan iristea nahi zuten; baina hemen, gure mendietan, Maltzaga eta Kalamua artean, zazpi hilabetetan gelditu zituzten, ezin aurrera eginda", azaldu zuen Elgoibar 1936 taldeko Iñaki Odriozolak Duintasunaren Kolunbario ondoan egin zuten ekitaldian. Hona hemen Iñaki Odriozolak irakurri zuen testua, osorik:
"Ziardamenditik atzeraka, Morkaiku galdu eta hurrengo lerroan, frontean borrukan aritu izan ziren CNTko eta Amuategi batailoiko milizianoak lehenik, eta gero, EAJeko, Eusko Gudarosteko lehen batailoiak. Bitartean, faxistek, herrietan, euren gizarte atzerakoi eta tristea ezartzeari ekin zioten; errepresioa eta beldurraren bidez ezarri ere. Elgoibarko biztanleen %10k ihes egin behar izan zuen, 600 lagunetik gora. Oinarrizko eskubideak ezabatu zituzten, alderdi politikoak, elkarteak eta sindikatuak debekatu, demokratikoki hautatutako udala hartu, alkatea atxilotu, toke de keda ezarri, herritarren propietateak konfiskatu, batzuk atxilotu eta, egun gutxiren buruan, fusilatu. 80 urte eta gero, oraindik, asko daude desagertuak. Euskadin 8000 inguru, Nafarroan 3500, eta Estatu espainolean 130 mila. Izugarria.
Desagertuak eta ahaztuak. Galtzaileak beti ahaztuak izaten direlako. Lurperatze gizatiarra ere merezi izan ez zutenak. Han utzi zituzten, mendian, kunetetan, izenik, eta izanik gabe.
Halere, isilean bada ere, erdi ezkutuan, errelato ofizialetatik kanpo, historiako liburuetatik kanpo, lekukoen testigantzei esker, batzuk errekuperatu ahal izan ditugu.
Hemen daude, joan zen urtetik horietako 27. Identifikatu gabe daude 25. Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Elgetan, Elgoibarren, Legution, Lemoan, Mañarian, Mutrikun, Gaubean, Zaldibian eta Zigoitian ateratakoak dira hezurdura hauek.
Dignitatearen txokoan dauzkagu. Eta hemen lasai egon daitezke, pakean, eta herritarren maitasuna, eta oroitzapena jaso dutela, oroitzapena baita gelditzen zaiguna 80 urte eta gero.
Hemen daudenak, eta geure buru eta bihotzetan daudenak. Errepresioa jasan izan zutenak, zigortuak izan zirenak, lapurtuak izan zirenak, kartzelaratuak izan zirenak, eta egoera itogarri horretan iraun ahal izan zutenak, denak frankismoaren biktimak, hainbeste urtetan baztertuak, gaur nahi ditugu gogoratu, Dignitatearen txoko eder honetan.
Eta oroitzapen hau bizirik daukagulako gogoratzen dugu, baita ere, Espainiako estatuak ez duela ezertxo ere egin egoera hau konpontzeko. Memoria historikoaren legea, eurak egindakoa ere, ez du bete. Ez du bilatu ez Egirik, ez justiziarik, ez erreparaziorik.
Are gehiago, Frankismoaren ondorengoak agintzen dutela oraindik esango nuke, Oraintxe bertan Katalunian gertatzen ari dena ikusi eta gero. Eta ezin dugu horiengandik ezer espero. Gerra irabazi zutenak agintean baitaude.
Horregatik, geure indarrez bakarrik, Frankismoaren biktimen dignitatea zabaltzen, harrotzen jarraitu behar dugu, eta ahal den neurrian, gure historia berregiten.
Guk ez ditugulako ahaztuko. Askatasunagatik bizia eman zutenak maite ditugu, Askatasunagatik zapalduak izan zirenak gure bihotzean daude. Ez ditugu ahaztuko".
• 150 lagun inguru Ele!! Lorca-Lauaxeta ikuskizunean
Elgoibar 1936 taldeak, Udalaren laguntzarekin, Ele!! Lorca-Lauaxeta lana ekarri zuen barixakuan Elgoibarko Herriko Antzokira. Antolatzaileen esanetan 150 ikusle inguru batu ziren Jon Maiak idatzi eta antzeztutako (Lauaxeta da obran) ikuskizuna ikustera. Emanaldia "sekulakoa" eta izugarria" izan zela adierazi dute Elgoibar1936 taldeko kideek, eta antzokira hurbildu ziren ikusleei eskerrak eman dizkiete.