Elgoibarko Herriko Antzokian eskainiko dute 'Ele!! Lorca-Lauaxeta' ikuskizuna, 22:00etan.
Federico Garcia Lorca frankistek hil zuten 1936an, eta, urtebeteko aldearekin, 1937an fusilatu zuten Esteban Urkiaga Lauaxeta euskal poeta. Gerrak errotik eten zuen Arrats beran poema-liburuak biltzen zuen lotura artistiko eta kulturala. Lorca eta Lauxeta, Lauaxeta eta Lorca, bi idazle, poeta ikonikoak, zein bere kulturan. Bi pertsona horiek modu berean harrapatu zituen heriotzak, urtebeteko aldearekin fusilatu zituzten biak Francoren diktaduraren hasieran. Biak hil ziren gazte, askatasunaren aldeko borrokan. Bat poeta errepublikanoa izan zen, Andaluzian jaioa; bestea berriz, euskal lurrean jaiotako poeta abertzalea. Urruneko bi mutur diruditen arren, oso jende gutxik daki euren bizitzek bat egin zutela uneren batean.
Bi poeten obra ardatz hartuta, obra honetan hitzak, musika, irudiak eta antzerkia erabiliko dira erakusteko hain urruneko diruditen herri eta kulturek bat egin dezaketela gizakiaren funtsezko balioetan, uneren batean aurrez aurre egonda ere.
- Gidoiaren egilea izateaz gainera, Lauaxeta da obran Jon Maia, eta BARREN aldizkariari eskainitako elkarrizketan (BARREN 1048. zenb. -PDF-) azaldu ditu lanari buruzko xehetasunak.
• Frankismoaren biktimak omenduko dituzte zapatuan, Duintasunaren Kolunbarioan
Frankismoaren biktimak oroitzeko ekitaldiak antolatu dituzte Taupadak eta Elgoibar1936 taldeak irailerako. Joan den zapatuan, irailaren 16an, kandela gorriak piztu eta minutu bateko isilunea gorde zuten Kalegoen plazan. Ondoren, rantxo afaria egin zuten Elgoibarko parrokiko arkupeetan. Zapatu honetan, irailaren 23an, egingo duteb Frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldi berri bat. Olasoko hilerrian, Duintasunaren Kolunbarioaren ondoan, egingo dute omenaldia, hain justu otsailean hobi komunetan zeuden 27 pertsonaren gorpuzkinak hobiratu zituzten lekuan (12:00). Ekitaldi xumea izango da, eta erregimen frankistak jazarritako guztiak oroitzeko baliatuko dute.
∞ Lotura duten albisteak:
- Zirardamendin hildako gudariak gogoan izan dituzte aurten ere (2017-09-18)
- Frankismoaren biktimak oroitzeko ekitaldiak iragarri dituzte irailaren 16, 22 eta 23rako (2017-08-30)
- Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioa (2017-01-24)
- “Gure erronka zen sinesgarritasuna ematea, jendea inplikatzea eta herritarrei orain dela 80 urte pasatako hura biziaraztea” (2016-09-22)