Elgoibarko talde batek hirugarren saria eskuratu zuen Gazterobotika txapelketan

Barren.eus 2017ko ira. 27a, 08:46

Gazterobotika Euskadiko lehen hezkuntza txapelketa jokatu zuten zapatuan Eibarko Astelena frontoian. 100 bat neska-mutilek parte hartu zuten robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketan. Elkarren aurka ere lehiatu ziren gazteek sortutako robotak eta Elgoibarko Kopro taldeak aurkeztutakoak hirugarren saria lortu zuen.

Robotikari lotutako proba ezberdinetan lehiatzeko aukera izan zuten 8 eta 16 urte bitarteko 100 bat gazte inguruk Gazterobotika Euskadiko lehen hezkuntza txapelketan. Gazterobotika egitasmoa Debabarreneko udal arduradunen eskutik sortu zen ekainean eta, asteburuan egin den topaketaren aurretik, hainbat tailer teknologiko eskaini dituzte eskualdeko herrietan horrelako gaietan aditua den Doplay enpresakoek. Elgoibarren ere eskaini zuten bat joan den uztailean, baina lagun gutxik eman zuten izena eta bertan behera gelditu zen. Parte hartzeko gogoz gelditu ziren hiru elgoibartar gaztek (Manex Arrieta. Irune del Amo, Unai Barrenetxea), Debako tailer teknologikoan eman zuten izena eta han sortu zuten robota aurkeztu zuten zapatuan Eibarren. Manex Arrietak eta Irune Del Amok ezin izan zuten Eibarrera joan eta Unai Barrenetxeak aurkeztu zuen hirurek sortutako robota. Objetuak jaurtitzeko gai diren roboten kategorian lehiatu zen Kopro taldeak aurkeztutakoa. Robota martxan jarri eta jaurtiketa bat egin arazi behar zioten. Objetua urrunen botatzen zuen robotak irabazi zuen lehen saria. Hiru elgoibartarrek eginiko robotak hirugarren postua eskuratu zuen. (Gazterobotikako argazkiak etakitto.eus webgunean)

∞ Lotura duten albisteak:

robotika elgoibar eibar podium

robotika elgoibar eibar. barrrenetxea

robotika elgoibar eibar 3ak