Ekimenaren izenak adierazten duen moduan, robotika ikasleengana eta herritarrengana era dibertigarrean hurbiltzeko asmoz antolatu du Elgoibarko Udalak Robotika dibertigarria feria, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta. Lekueder parkean egingo dute maiatzaren 28an, 11:30etik 13:30era. Bilboko Camp Tecnologico-ko irakaslen laguntzarekin hainbat ekintza antolatu dituzte.
• Tailer Teknologikoak kalera
Elgoibarko Udalak sustatutako Tailer Teknologikoetan parte hartzen duten ikasleek egin dituzten lanen erakusketa egongo da Lekuederren. Herriko 44 ikasle, 32 mutil eta 12 neska, ari dira parte hartzen Tailer Teknologikoetan. Barixaku eta zapatuetan batzen dira Elgoibarko Institutuan, eta oraingoan jendaurrean egingo dute saio horietako bat, jendeak zertan aritzen diren ikus dezan.
Herritarrek parte hartzeko tailerrak ere izango dira Robotika Dibertigarrian. Batetik, Gailu elektronikoen programazioa izeneko ikastaroan, kontrol algoritmikoak sortuta, LED argientzako kolore eta mugimendu efektuak egiten irakatsiko dute. Parte hartzeko honako helbidean dagoen formularioa bete behar da: bit.ly/RobotikaErakusketa. Maiatzaren 26a da izena emateko azken eguna. 7 eta 13 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute, zortzi ikasleko taldetan banatuta. Bi saio eskainiko dituzte, adinaren arabera banatuta. Lehenengoa 11:30etik 12:30era eta bigarrena 12:30etik 13:30era.
• Robotikari buruzko tailerra
Robot programagarriekin lehenengo harremanak izatea, sentsoreen erabilerari eta informatika-programazioari buruzko oinarrizko nozioak ikastea, era bisual eta errazean. Horiexek robotika tailerraren helburuak, antolatzaileen esanetan. Hemen ere bi saio eskainiko dituzte adinaren arabera banatuta. (Izena emateko: bit.ly/RobotikaErakusketa). Gainera, orain gutxi Bilbon Robotikaren Munduko Olinpiadetan saio bat irabazi duten Claudia Arrillaga eta Naroa Rodriguez ikasle elgoibartarrek erakustaldia eskainiko dute Legoko piezekin osatu duten robotarrekin.
• Minecraft bideojokoari buruzko hitzaldia
Hiru dimentsioko testurak dituzten kuboak erabiltzen dituen eraikuntza-jolasa da Minecraft bideojokoa. Ingurua aztertu, baliabideak eskuratu eta hainbat erabilera dituzten objetuak sor daitezke joko birtual honekin. Jolasak berezkoa duen oinarrizko gaia menderatu ostean, programazio eta sormen maila handiak lor daitezkeela azalduko dute jokoari buruzko hitzaldian. Gainera, guraso askok izan ditzaketen beldur eta zalantzak argitzeko balioko duela azaldu dute antolatzaileek. Era berean, feria zabalik dagoen bitartean, hau da, 11:30etik 13:30era, Lekuederren egongo diren irakasle eta adituek eskatu ahala eskainiko dute gurasoentzako informazioa.