Elgoibarko Udalak eta Debemenek hileko azken zapatuetan egiten den feria antolatu dute irailaren 30erako. Bertako baserrietako produktuak saltzeko saltokiak egongo dira Kalebarren plazan, 9:00etatik aurrera. Gero, 11:00etatik aurrera, pintxoak dastatu ahal izango dira C.D. Elgoibarrek jarriko duen txosnan. Salda, txorizo egosia eta txerri-sahieski pintxoak salduko dituzte, 1,5 euroan. Herriko baserrietan ekoiztutako produktuekin eginiko pintxoak izango dira.
• Pizza tailerra
Pizzak egiten ikasteko tailerra Kalebarren plazan izango da, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Elgoibarko Udalak herriko ekoizleei erosiko dizkie pizzak egiteko erabiliko dituzten osagaiak eta Atxutxiamaikako hezitzaileen laguntzarekin egingo dituzte gero umeek. Egin eta jan, norberak egindako pizzak jan edo etxera eramateko aukera izango dute-eta.
Kale Kantariak taldeak euskal kantu herrikoiekin girotuko du feria eguna. 12:00etan hasiko dute kalejira Kalebarren plazatik. Azkenik, hilero legez, ganadu erakusketa egingo da, eguerditik arratsaldera bitartean, Aita Agirre plazan.