Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak Mari Luz Esteban antoprologoari egindako zuzeneko elkarrizketarekin (ikus bideoan) hasi zuten urriaren 4an Euskalgintza eta feminismoa eskutik helduta zikloa, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udaleko Euskara eta Berdintasun Sailek elkarlanean antolatutako zikloa, eta urriaren 18an, eguaztena, izango da hurrengo saioa. Amelia Barquin Huheziko irakaslea gonbidatu dute bigarren saiorako eta gaia ere jarri diote: Euskara generoaren ikuspuntutik. Behin baino gehiagotan entzun dugu euskara ez dela hizkuntza sexista, baina Ameliak Barquinek dioen moduan, beste hizkuntzetan bezala, euskaraz ere badaude erabilera desegokiak generoari dagokionez. Euskararenak eta egokiak diren formak ere badauzkagu, noski, eta antolatzaileek horiek denak azaltzeko gonbidatu dute Barquin. "Euskarak eskaintzen dizkigun aukeren berri emango digu Ameliak, eta euskal jendartean gai honen gainean dauden debateak eta erronkak ere azaleratuko dizkigu", azaldu dute
Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da hitzaldia, 19:00etan.
Hona hemen Amelia Barquinen bloga: Kinka. Zapia buruan, ibili munduan!
∞ Lotura duten albisteak: