Euskalgintza eta feminismoa eskutik helduta izeneko zikloa Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udaleko Euskara eta Berdintasun Sailek antolatu dute elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskalgintza eta feminismoa izango dira zikloaren osagai nagusiak, eta, besteak beste, bien arteko harremanak, sinergiak, kezkak edo erronkak aztertuko dira. "Finean, bi mugimenduak batera eta eskutik helduta plazaratzeko saiakera da prestatu dugun programa", esan dute antolatzaileek. Urriko zikloa, urtero moduan, Gotzon Garate idazle eta euskaltzale zenaren oroimenez antolatzen dute, eta aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da.
• Uxue Alberdi eta Mari Luz Estebanen arteko solasaldia
Feminismoa, euskalgintzarako gogoeta-tresna izenburua jarri diote zikloko lehen saioari, Uxue Alberdi eta Mari Luz Estebanen arteko solasaldiari. Mari Luz Esteban pentsalari feminista da, sortzez Pedrosa de Valdeporreskoa (Burgos, Espainia) eta ageri-agerikoa du euskaltzaletasuna. Bi mugimenduon arteko harremanez, sinergia posibleez, elkarrengandik ikas dezaketenez, oztopez, etorkizuneko kezkez eta erronkez arituko da, Uxue Alberdiren galderei erantzunez. Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da saioa, 19:00etan.