IMHko Asmaola Lantegian egin dute gaur TKgune Fabrikazioa Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketako sari banaketa. Laugarren ediziora aurkeztutako lanen artetik Iñaki Jimenezena saritu du epaimahaiak.
Jimenezek Txandakako ingeniaritza ikasi zuen IMHn, duela sei bat urte, eta orain dela urte bat inguru Keyway chaveteros izeneko enpresa sortu zuen bi bazkiderekin batera. Asteasun dago txabetero eta barne artekaketen mekanizazio prozesu berritzaileak eskaintzen dituen enpresa. Mataderak egiteko mekanizazio prozesua hobetzeko beharra eta nahia izan zen, hain zuzen ere, enpresa hori sortzeko arrazoi nagusia. Eta ideia hori bera aurkeztu zuen Jimenezek enpresa industrialen ideia lehiaketara. Honela azaldu du berak: "Txabeteroak egiteko mekanizazio prozesua ez zela batere eraginkorra eta oso atzeratua gelditu zela konturatu nintzen bederatzi urtez lanean jardun nuen enpresa batean. Bezero zorrotzenak, japoniarrak eta suediarrak, guk ekoiztutako produktuak itzultzen hasi ziren behar besteko kalitaterik ez zutela-eta. %100eko tolerantzia zuten piezak eskatzen zizkiguten. Bi aukera genituen lantegian, mataderak egiteko enpresa bat azpikontratatu edo elektro higadura darabilen makina batekin egin mataderak. Makina horrek, baina, kostu handiegia zuen eta ez zen produktiboa. Orduan pentsatu genuen geuk hobetu genezakeela prozesu hori. Mataderak egiteko makina berezi bat ekarri genuen kanpotik eta geuk egin genizkion hobekuntzak kalitate handiagoko txabeteroak egiteko, eta azkarrago gainera, produkzioaren kostua murriztuz".
• Saria
Enpresa Industrial Onenaren sarituak 2.500 euro jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko (makinak, ...). Jimenezek azaldu duenez, sari honekin euren produktuaren kalitatea "oraindik gehiago" eta hori lortzeko prozesua "iraunkortu" nahi dute.
• Orain arteko irabazleak
Ekintzailetasun industriala sustatzeko eta etorkizuneko erronkak era arrakastatsuan lantzen lagunduko duen eremua sortzeko antolatu zuten lehiaketa hau orain lau urte. Iaz, Mikel Diez La Salle errenteriarrak eta Krystof Kwiatkowski poloniarrak aurkeztutako eOntzia proiektuak irabazi zuen lehiaketaren hirugarren edizioa. Hondakinak kudeatzeko sistema inteligente bat aurkeztu zuten. Orain bi urteko edizioa irabazi zuen Mikel Zubieta etxalartarrak bizikleten platerak aldatzeko sistema hobetzeko egitasmoarekin. Ideia lehiaketaren lehen edizioa Asier Lizarralde elgoibartarrak irabazi zuen, zuhaitzak inausteko makina automatiko aurreratu bat egiteko ideiarekin.
∞ Lotura duten albisteak:
- Hondakinak kudeatzeko sistema inteligentea saritu dute enpresa industrialen hirugarren ideia lehiaketan (2016-12-09)
-
Bizikleten platerak hobetzeko proiektua saritu dute enpresa industrialen ideia lehiaketan (2015-11-18)
-
Asier Lizarralde elgoibartarrak irabazi du gazteentzako Asmaola+enpresa industrialen ideia lehiaketa (2014-11-07)
-
Abian da Gazteentzako Asmaola+ Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketaren estreinako edizioa (2014-05-06)
- Elgoibarko Udalak errekonozimendua egin die makina-erremintaren sektoreko eragileei (2014-04-30)
- Urte osoko egitaraua Elgoibarko makina-erremintaren mendeurrena ospatzeko (2014-04-15)