Elgoibarko Bacalaos Alkorta enpresak sustatu duen ‘Alkorta bakailaoak’ I. Pintxo Lehiaketako finalera ailegatu zen San Roke kafetegia Primus izeneko pintxoarekin, Elgoibarko kanporaketa irabazi eta gero. Eskaera asko izan dituela-eta, asteburu honetan salgai jarriko duela azaldu du Nekane Aranzabal sukaldariak. Zapatuan eta domekan, 12:00etatik 15:00etara bitartean jan ahal izango da, 3,5 euroan salduko duten pintxoa.
Getariako Ameztoi txakolindegiaren Primus txakolinarekin eginiko saltsa daramalako jarri dio Primus izena pintxoari. Lan asko ematen duen pintxoa dela aitortu du Aranzabalek, besteak beste, osagai asko dituelako. Nagusiena pil pil erara eginiko bakailaua da. Onddoekin eginiko saltsa, kalabaza, ogi-torrada, eta urdaiazpikoa ere badaramatza, perrexila eta oliba olioaz gainera. Aranzabal 25 urtean aritu zen lanean Getarian, Astillero eta Kaia Kaipe jatetxeetan, eta handik ezagutzen ditu Getariako txakolinak, bakailao pintxoa egiteko ideia eman zion Primus-a tartean.
Pintxo lehiaketetan sari bat baino gehiago irabazi ditu San Rokek azken boladan. Azken bi edizioetan, 2016koan eta 207koan, Herritarren Saria eskuratu du Elgoibarko Pintxo Lehiaketan.