Nerea Arriola biolinistak irabazi du Cidade de Vigo lehiaketa

Barren.eus 2017ko abe. 11a, 18:39

Hari Instrumentuen Galiziako Elkarteak antolatuta, Cidade de Vigo lehiaketa jokatu dute, joan den asteburuan. Espainiako eta Portugalgo biolinista, biola-jotzaile eta biolontxelista gazteek parte hartu zuten, eta Nerea Arriola mendaroarrak lortu zuen lehen saria B Mailako biolin-jotzaileen artean.

Etorkizun oparoa izan dezaketen musikariek parte hartzen dute Hari Instrumentuen Galiziako Elkarteak (AGIC) antolatzen duen Cidade de Vigo lehiaketan. Halaxe izan da aurten ere, lehiaketaren seigarren edizioan. 60 musikari gaztek Vigoko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eman zuten euren trebetasunen berri. Biolinisten artean, Matildda Pinto portugaldarra gailendu zen A Mailan eta Issey Martinez gipuzkoarrak eskuratu zuen akzesita. B Mailan, berriz, Ameikutz musika eskolako ikasle Nerea Arriola Mendieta mendaroarra izan zen irabazlea. (hona emaitza guztiak)

Arriolak lehiaketa gehiago ere irabazi izan ditu, azkena Euskadiko musikari gazteen X. lehiaketa, iaz, Donostian.
15 urte besterik ez dituen arren, dagoeneko bide luzea egin du biolin-jotzaile moduan.

Antolatzaileek Youtubera igotrako bideo honetan Nerea Arriolaren interpretazioa entzun daiteke. Sarrera eta Camile Saint-Saënsen Rondo Caprichoso abestiak joten ditu.

 

nerea arriola biolina vigo mendaro