Euri langarra karamelo zaparradekin uztartu dira Errege Magoen desfilean. Ohi duten moduan, Santa Klara auzotik ailegatu dira ekialdeko Errege Magoak Jesus haurtxoa gurtzera. Parrokiako arkupeetan zuten zain jaiotza biziduna. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek urrea, intsentsua eta mirra oparitu ostean, kalejira hasi dute, segizioa atzetik zutela. Santa Ana kalerantz jo eta Antonio Arrillagatik itzuli dira plazara. Euri gehiago hasi dela-eta kalejira bertan behera lagatzea erabaki dute Parrokiako Katekistek. Hala, erregeak zaldi gainetik jaitsi eta traktorean igo dira San Lazaro egoitzarantz zuzenean joateko, hango bizilagunei opariak banatzeko. Gero berriz bueltatu dira Kalegoen plazara eta banan banan hartu dituzte altzoan umeak eta haiek zekartzaten gutunak irakurri eta jaso dituzte.
Argazki bilduma: ERREGE MAGOEN DESFILEA