San Bartolome jaietako egitarauan ekarpenak egiteko prozesu parte hartzailea jarriko dute martxan

Barren.eus 2018ko urt. 18a, 13:20

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, prozesu parte hartzaile bat jarriko du abian, herritarrek ekarpenak egin ditzaten 2018ko San Bartolome jaietako egitarauan. Aurrez aurre, on line, telefonoz edota Whatsappez egin daitezke ekarpenak.

Jaietako programaziorako iradokizunak eta proposamenak egin zein ideiak emateko epea urtarrilaren 22tik otsailaren 5era artekoa izango da. Elgoibarren erroldatuta dauden pertsona guztiek har dezakete parte. 

“Elgoibarko Udalak herritarren partaidetzaren aldeko apustua egina du eta zaindariaren jaiak ez daude udalerria ulertzeko modu horretatik kanpo. San Bartolome jaietako egitarauan ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dugu, herritarren gustu eta interes desberdinei erantzunez” adierazi du Ane Beitia, Elgoibarko alkateak. Era berean, Kultura zinegotzi Andrea Arriolaren berbetan, herritarrak udal politika publikoetan alderdi aktiboa eta protagonista izan behar dira. Horregatik, legealdian zehar mota honetako parte hartze prozesu desberdinak jarriko dituzte martxa, betiere elgoibartarren beharrak entzun eta ezagutzeko helburuarekin.
Herritarrek honako bideak dituzte ekarpenak egiteko:

  • Aurrez aurre: Herritarrentzako Arreta Bulegoan egin ahal izango dira ekarpenak, San Bartolome 2018 partaidetza-prozesuari dagozkiola adieraziz.
  • On line: Udaleko webgunean erabilgarri dagoen onlineko galdetegia betez edota partaidetza@elgoibar.eus posta elektronikoaren bitartez. Mezua San Bartolome 2018 partaidetza-prozesuari dagokiola adierazi beharko duzu gaian.
  • Telefonoz: 943 741 050 telefono-zenbakira deituz.
  • Whatsapp bidez: 688 679 456 zenbakira mezu bat bidaliz.

• Partaidetza-tailerrak
Era berean, partaidetza-tailerrak egingo dira jaien eredua lantzeko zenbait gizatalderekin. Tailerretan askaritxo bat edo kafetxo bat dastatzeko aukera egongo da, kasuaren arabera. Parte hartzeko, 943 741 050 telefono-zenbakian eman daiteke izena. Biltzen den informazio guztia erabiliz, emaitza-txosten bat egingo dute Udaleko arduradunek, "guztiok gozatzeko aukera emango duten jaiak diseinatzen laguntze aldera". Hona tailerren egutegia:

  • Urtarrilaren 26an, 17:00etatik 18:00etara Ludotekan, 5 eta 12 urte bitarteko umeekin.
  • Urtarrilaren 26an, 19:30etik 20:30era Gaztelekuan, 13 eta 15 urte bitarteko nerabeekin.
  • Urtarrilaren 31n , 11:00etan, Kultur Etxean, 60 urte edo gehiagoko pertsonekin.
  • Otsailaren 2an, 19:00etan, Kultur Etxeko sotoan, 16 eta 25 urte bitarteko gazteekin.

2017ko San Bartolome jaiak, iruditan