Ane Beitia alkatearen berbetan, balantze positiboa egiteaz gain, sanbartolomeetan bizitako jai giroak, Udalak, herriko hainbat eragileekin elkarlanean eraikitako jai-eredua indartu baino ez du egiten. "Aurtengoak ere, parte hartzaileak, herrikoiak, doako jarduerekin eta adin tarte zein gustu guztiei erantzuten dizkieten ekimenez betetako sanbartolomeak izan dira. Zorionez, gainera, ez da iskanbila nabarmenik izan, ezta eraso sexistarik ere", esan du Beitiak.
• Jaietan ere, ezetza ezetza da!
Eraso sexistarik ez dela salatu azaldu dute udal arduradunek. Elgoibarko Udaleko Berdintasun sailak eraso sexisten aurkako kanpaina berezia sustatu du aurtengo festetan. Kanpainak, 'Jaietan ere, ezetza ezetza da!' leloa izan du eta helburu argi bat: herritarrak zein herriko eragileak eta beste herrietatik etorri diren bisitariak sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatzea. Indarkeria matxistaren aurka egiteko gauzatu dituzten bi ekimen nabarmendu dituzte. Batetik, Txiki Egunean egin zuten photo-call-ean ehunka lagunek parte hartu zutela azaldu dute (ikus hemen argazkiak). "Parte hartzea oso zabala izan da, bai adinean, bai sexuaren ikuspegitik", zehaztu dute. Bestetik, Jaietan ere, ezetza ezetza da! lemarekin 1.000 txapa banatu zituzten, bai txosnetan, bai Txiki Egunean. Horiez gain, Udala Maalako jai batzordeko feminista taldearekin elkarlanean ere aritu da, "pankartak adosten, txapak banatzen, play-list feministak garatzen, e.a.".
• 100 ekitaldi inguru eta 169.930 euroko aurrekontua
Elgoibarko Udalak ehun ekitaldi inguru antolatu zituen 2017ko San Bartolome jaietan, eta horiek martxan jarri ahal izateko, 169.930 euroko aurrekontua bideratu zuen. Ekitaldi bakarra gelditu zen bertan behera, Umeen Eguneko erraldoi eta buruhandien kalejira, hain justu ere. Euria zela eta laga zuten bertan behera. Gainerako ekitaldiak normaltasun osoz egin dituzte. Euria izan zela eta, funbox-a Ikastolan egin behar izan zuten Gazteen Egunean, eta Dantza Solteko Txapelketa berriz, Herriko Antzokian.
Kontzertu jendetsuenak Vendetta, Gozategi eta Itziarren Semeak taldeek eskaini zituztela azaldu dute. San Bartolomeetako "errebelazio taldea", baina, RockBox izan zela azaldu dute. "Heavy metal-aren klasikoak joz eta euren formatu berezi horrekin, ehunka jarraitzaile batu zituzten herriko hainbat txokotan".
Bestalde, ohiko kalejirek, jolasek, lehiaketek, kirol eta musika ekintzek zein bazkariek harrera ezin hobea izan dutela adierazi dute. Horregatik, Udalak herritarrak, erakundeak, kolektiboak eta langileak zoriondu ditu euren "tolerantzia, eta kolaborazioagatik".
• Alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programa
Aurten ere Elgoibarko Udalak alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programak jarri ditu martxan. Helburua, droga hauen gehiegizko kontsumoa prebenitzea eta parte hartzaileei alkohol eta bestelako drogen kontsumoak dakarren arriskuez ohartaraztea da.
Hala, alkoholemia postua, Baserritarren Eguneko gauen jarri zuten, 00:00etatik 03:30etara bitartean, San Lazaro egoitza parean. Datuei dagokionez, guztira 263 pertsona gerturatu ziren informazio stand-era (172 gizon eta 91 emakume). Jasotako positiboak 148 izan dira eta negatiboak 97. Gehien errepikatzen den adin tartea, 18-20 bitartekoena da: 138 parte hartzaile. 17 urtez azpikoak testing-a egitera joan izanak Udaleko Ongizate sailekoen harreta piztu du.
Beste alde batetik, drogen inguruko informazio eta testing programako datuei erreparatuz, gunean harrera egin zitzaienen pertsona kopurua 208koa da (168 gizon eta 40 emakume). Erabiltzaileek zeramaten substantziak aztertzeko aukera izan zuten. Aztertutako droga gehienak marihuana (37%) eta estasia (18%) izan ziren. Besteak kokaina (%16), anfetamina (%13) eta haxixa (%11) izan ziren. Ai Laket! elkarteak aztertzen ditu substantziak eta ailaket.com webunean jarri ohi dituzte emaitza deigarrienak.
• Istilu nabarmenik ez
Udaltzaingoaren jarduerari dagokionez ere, normaltasuna izan da nagusi jaietan, ia istilurik gabe. Eskuhartze gehienak herritarrei zuzendutako laguntzekin (galdutako gauzak eta osasun arazoak), trafikoarekin (bide publikoaren erreserba eta zirkulazio istripu txikiak) eta segurtasunarekin (identifikazioak eta kale iskanbilak) lotuta egon dira. Telefono mugikorra lapurtu izanagatik zazpi salaketa egon dira, horietako lau Elgoibarko Udaltzaingoan eta hiru Eibarko Ertzain-etxean. Aurten ere, beraz, ez da ohiz kanpoko girorik egon eta orohar, "errespetuan, harmonian eta tolerantzian" oinarritutako jaiak izan direla azpimarratu dute.
• Ikusle ugari eta maila altuko kirol ikuskizunak
Kirol jarduerei dagokionez abuztuaren 22an C.D. Elgoibarrek antolaturiko futbol partidua ikustera azken urteotan baino jende gehiago hurbildu zen Mintxetara, aurkaria Debakoa zelako, Amaikak Bat taldea hain zuzen ere. Egun berean Kirol Argazki Lehiaketaren sari banaketa ospatu zen Kultur Etxean. Aurtengo lehiaketara 78 argazki aurkeztu dira, partaidetza orain arte izan den handienetarikoa izanik.
Abuztuaren 23an, afizionatu mailako Memorial Etxaniz txirrindulari lasterketa ospatu zen. 178 txirrindularik parte hartu zuten, inoiz baino handiagoa. Abuztuaren 24ko pilota jaialdiak Ikastolako frontoia bete zuen. Estelarrean Olaizola II-Beroiz bikoteak Irribarria-Merino II bikotearen aurka jokatu zuen. 25eko pilota jaialdira ere jende ugari hurbildu zen.
Abuztuaren 27an, Mintxetako futbol zelaian Realaren eta Athetic-en arteko Euskal Herriko Emakumezkoen Futbol Kopa finala jokatu zen. 400 ikusle hurbildu ziren Mintxetara. Abuztuaren 29an, Alcorta eta Anaitasuna taldeen arteko eskubaloi partidua jokatu zen Olaizaga Kiroldegian. Armailak bete ziren (500 ikusle inguru).
2017ko San Bartolome jaiak, iruditan
- Bezpera Eguneko argazki-bilduma (abuztuak 23)
- San Bartolome Eguneko argazki-bilduma (abuztuak 24)
- Txiki Eguneko argazki bilduma (abuztuak 25)
- Baserritarren Eguna (abuztuak 26)
- Umeen eta Jubilatuen Eguna (abuztuak 27)
- Gazteen Eguna (abuztuak 28)