Debabarreneko gazte langabetuentzat prestakuntza tailerrak eskainiko dituzte

Barren.eus 2018ko urt. 31a, 18:19

Debabarreneko Udalek, Debegesa eskualdeko garapen agentziarekin elkarlanean, Txertatu Merkatuan egitasmoaren bigarren edizioa abiatu dute. Langabezian dauden 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzako prestakuntza tailerrak dira.

Txertatu Merkatuan egitasmoaren helburua ikasketak laga dituzten eta langabezian dauden 16 eta 30 urte bitarteko gazteei gizarte eta lan-aktibazioko jardueretan parte hartzeko aukera eskaintzea da, "benetako" lan-esperientziak izan ditzaten. Egitasmo hau Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren baitan kokatzen da, Europako Gizarte Funtsak %91,89an finantzaturik dago eta Garapenek koordinatzen du, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin.

• Bi fase: Egokitu eta Trebatu

Sustatzaileen esanetan, egitasmo berritzailea da, partaideen ezagutza eta trebetasunak hartzen direlako oinarritzat lan-profil bat eraikitzeko. Helburua da gazteen motibazioa lantzea eta autoestimua areagotzea, horretarako ikasgela tradizionalean erabiltzen ez diren metodologiak erabilita. Txertatu Merkatuan programak gazteen profil eta premiei egokitutako ibilbidea proposatzen du eta bi fasetan garatzen da: Egokitu eta Trebatu.

Egokitu izeneko lehenengo fasea gizarteratze eta lan-aktibaziorako laguntza-prozesuaren hasiera da. Programak gizarte eta hezkuntza-arloko esku-hartze prozesu bat hasten du eta bakarka zein taldean lan eginez parte-hartzaileen lan-profila eraikitzea du helburu.

Bigarren fasean, Trebatu izenekoan, gazteek prestakuntza tailerretan parte hartuko dute, enpresetan praktikak egiteko aukerarekin. Debabarrenean hurrengo ikastaro hauek eskainiko dira, otsailean eta martxoan hasita:


• Informazio gehiago eta izen-ematea

Izen-ematea doakoa da. Parte hartzeko interesa duten guztiek informazio gehiago eskura dezakete Debegesaren webgunean, www.debegesa.eus, 943 82 01 10 telefonora deituz edota idazkaritza@debegesa.eus epostara idatziz. Halaber, Debegesaren bulegoetara ere joan daiteke, Eibarko Azitain industrialdean.