Eguerdian, hamabost minutuko elkarretaratzeak egin dira bi herrietan, eta aspaldiko bilkura jendetsuenak izan dira. Elgoibarko bilkuraren amaieran BHI Institutuko ikasleak batu dira plazan batuta zeudenen lagunartera, hainbat aldarripapen idatzita zituzten oihal eta kartoi eskuetan, eta herriko kaleak zeharkatu dituzte gero manifestazioan. Arratsalderako mobilizazio gehiago daude deituta (ikus egitaraua). Elgoibarren, Martxa Morea egingo da 19:30ean, eta ondoren elkarretaratzea, eta Mendaron, Eibarren 18:00etan egingo den manifestaziora elkarrekin joateko deia egin du Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak.
• Greba feministaren eragina
Zaila da greba feministaren jarraipena kuantifikatzen, baina bistan da izan duen arrakasta, emakumeek bizi duten azpiratzearen inguruko gogoeta inoiz baino ozenago entzun delako kalean, hedabideetan nahiz sare sozialetan. Emakumeek modu askotara egin dute bat gaurko deitutako plantoarekin. Amantal banaka batzuk ikusi dira herriko lehio eta balkoietan, eta besoko moreak jantzita irten dira kalera emakume ugari. Lanuzteak ere egin dira han eta hemen. Elgoibarko Izarrako langile emakumezkook, tartean BARRENekook, bat egin dugu gaurko grebarekin eta gure zerbitzu eta produktuetan ari da eragina igartzen.