Moja klaratarrak aspalditik daude Elgoibarren, herriaren sorreratik ia. Klaratarren estreinako komunitatea, 1533ko irailaren 8an Oñatiko Bidaurreta monastegitik etorri ziren mojek osatu zuten. 485 urte geroago agur esango dute Santa Klarako komentuan geratzen diren mojek. Apirilaren 7an lagako dute komentua. Batzuk Oñatiko Santa Ana eta Bidaurreta konbentuentara joango dira eta Durangoko klasirekin bat egingo dute gainerako mojek.
• Esker oneko ekitaldia, zapatuan
Elgoibarko kristau elkarteak mojei agur esateko ekitaldia antolatu du zapaturako, hilaren 24rako. San Bartolome parrokian izango da ekitaldia, 19:00etako mezaren barruan. "Meza hori herritarren poztasunean zein nahigabean beti gertu egon direlako esker ona agertzeko izango da", azaldu dute. Elgoibarko Udal Musika Bandak, Parrokiako Abesbatzak eta Haritz Euskal Dantzari Taldeak hartuko dute parte ekitaldian, besteak beste.
Erakunde erlijioso hau eraikitzeko lehenengo ideia, Pedro Gonzalez de Jausorok izan zuen. Bere testamentuan, bere jabegoak San Frantziskoren hirugarren ordenaren Beaten proiektatutako komentu berriari ematea eskatu zuen. Erromako lizentzia, Klemente VII. Aita Santuak 1525eko uztailaren 26an eman zuen. Pedro Jauna hil ostean, bere emaztea zen Maria Ramos de Sarasuak elkarte santutik komentua Klarisa erlijiosek osatu zezaten lizentzia jaso zuen. 1531ko uztailaren 9an gauzatu zen. 1533 urtearen bueltan, Oñatiko Bidaurreta komentutik etorritako hiru mojak eta herriko hiru mojagaik (Maria Gracia Sarasua, Maria Ibañez de Karkizano eta Domenja Larreategi) osatu zuten moja klaratarren lehen komunitate hau.
Mojek bi aldiz ihes egin behar izan zuten gerra zela eta: 1794an eta 1937an. 1957an neskentzako eskola ireki zuten. Eskola, 1973ra arte egon zen zabalik. 1976. urteko abenduaren 18an komentu berria estreinatu zuten. Gaur egungo komentua, aurrekoaren ondoan kokatutako eraikuntza modernoa da.
- Maria Jesus Azpiazu klaratarren ama nagusiak 2008an BARREN aldizkariari eskaininitako elkarrizketa: "Herritarrei zabaltzea da etorkizunari aurre egiteko bideetako bat"
∞ Lotura duten albisteak: