Euskadiko industriako digitalizaziorako eta artezketarako zentroa inauguratu du Danobatgroup industria taldeak

Barren.eus 2018ko mai. 9a, 13:15

IK4-Ideko euskal zentro teknologikoak eta Danobatgroup industria taldeak Digital Grinding Innovation Huba (DGIH) zentroa inauguratu dute gaur Danobatgroupen Elgoibarko egoitzan. Digitalizazioaren eta industriako artezketaren alorreko soluzio berritzaileak ikertzeko eta garatzeko Euskadik duen nodo berria da eta teknologia aurreratuak enpresei transferitzen laguntzea eta industriaren lehiakortasuna indartzea du helburu.

Inaugurazio ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatu Ainhoa Aizpuru, Danobatgroupeko zuzendari nagusi Pello Rodriguez, IK4-Idekoko zuzendari nagusi Nerea Aranguren, Mondragon Korporazioko lehendakari Iñigo Ucin eta Elgoibarko alkate Ane Beitia. 

• Sei milioi eurotik gorako inbertsioa

Danobatgroupek berrikuntzaren alde egindako apustuetako bat da zentroa eta 6 milioi euro baino gehiago inbertitu dira ekipamenduan. Ekipo guztiak elkarrekin konektatuta egongo dira eta makinek eta mekanizazio prozesuek emandako informazioa urrutitik eta denbora errealean eskuratu ahal izango dira gero interpretatu eta analizatzeko. IK4-Idekoko zuzendari nagusi Nerea Arangurenek azaldu du digitalizazio gune horren baitan landuko diren sistemek hutsegiteei aurrea hartzeko, mantentze lanetako estrategiak aktibatzeko, energia aurrezteko eta ingurumeneko inpaktua txikitzeko alternatibak esperimentatzeko balioko dutela. Bestalde, Danobatgroupeko zuzendari nagusi Pello Rodriguezek uste du zentroak industria arloan Euskadiren posizionamendua indartzeko balioko duela.

Informazio osoagoa: www.danobatgroup.com

danobatgroup dogitalizazio nodoa urkullu agintariak

urkullu lehendakaria danobatgroup elgoibar