Liga amaitzeko lau jardunaldi falta zirenean elkarren aurka jokatu zuten Haundik eta Tolosak, Mintxetan. Bana berdindu zuten.Tolosari bigarren postua kentzeak zaila zirudien orduan, sei puntuko aldea baitzuten tolosarrek sailkapenean. Haundik, baina, irabazi egin ditu harrezgero jokatutako bi partidak, Aloña-Mendiren aurka lehenik, Oñatin (1-2); eta, Bergararen aurka, joan den asteburuan, Mintxetan (3-1). Tolosarrek, aldiz, 1-5 galdu zuten Lagun Onak taldearen aurka eta azken jardunaldian berdindu egin dute Eibar Urki liderraren aurkako partida, Eibarren. Une honetan 56 puntu ditu Tolosak eta 55 puntu ditu Haundik (ikus sailkapena). Elgoibartarrek Arrasaten jokatuko dute Ligako azken partida zapatuan, 17:30ean, Mondragon taldearen aurka. Tolosak, berriz, etxean jokatuko du Idiazabalen aurka, zapatuan, 17:30ean. Haundik bere partida irabazi eta Tolosak berdindu edo galduko balu, igoerarako kanporaketak jokatuko lituzke Elgoibarko taldeak. Haundi zein Tolosa jokoan ezer ez duten bi talderen aurka lehiatuko dira azken jardunaldian, zortzigarren eta bederatzigarren postuetan sailkatuta dauden bi talderen aurka.
• Ohorezko kadeteak Beasainen
C.D. Elgoibarreko ohorezko mailako kadeteek Euskal Ligara igoera lortzeko aukera dute. Elgoibartarrek partida bakarrera jokatuko den igoera kanporaketa jokatuko dute Donostiako Vasconia taldearen aurka, Beasaingo Loinaz futbol zelaian, zapatuan,12:00etan. C.D. Elgoibarrek autobusa antolatu du zaleentzat. Interesatuek Jai Alai eta Kaia tabernetan eskuratu ditzakete autobuserako txartelak, lau euro ordainduta. Ostiralean amaituko da izena emateko epea, 19:00etan, hain justu ere. Zapatuan 10:00etan irtengo da autobusa Mintxetako aparkalekutik.
Beasaingo partida galdu arren, maila igoera lortzeko aukera berri bat izango du Elgoibarrek. Bizkaian eta Araban jokatuko dituzten igoera kanporaketako galtzaileen aurka jokatu beharko lukete Hiruko Final bat.