Atabal taldeak jadanik prest dauka Trinitate jaietarako danborrada. Zapatuan, 23:00etan hasiko da Kalegoen plazan. Danbor eta kupel joleak batetik eta armadunak bestetik ikuskizuna eskainiko dute. Danbor eta kupel zein tiro hotsez gain, Galbuson egindako kanoi berriaren zarata herri osoan barrena entzungo da aurten.
• Garai bateko lanbideak karrozetan
Kanoiarena ez da aurtengo berrikuntza bakarra. Izan ere, urtero egiten dituzte karroza berriak danborradarako. Iaz C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira egin zuten karroza, baina Atabal elkartekoek urtero ez zuten urteurrenen dinamikan erori nahi. “Aurten beste elkarte batzuen urteurrena da eta herrian hainbeste elkarte egonda batzuetan bi ere izan daitezke. Beraz, iazkoa urteurren borobila zelako aukeratu genuen”, esan dute elkarteko kideek. Aurten elkarteen ordez garai bateko lanbideak izango dira bi karrozetako gaiak, Elgoibarren sartu ziren lehen lanbideak: burdinginak eta ikazkinak.
Burdinginen karroza egiteko Mirandaolan, Legazpin, izan ziren hango burdinolan eta Euskal Burdinaren Museoan. Gero burdinez egiteko karrozarako ideiak jaso ezezik han utzi dizkieten arropak eta erremintak ere hartu dituzte. Bestalde, sutegia eta ingudea beraiek lortu dituzte. Beraz, irudikapena egingo dute burdina forjatzen.
Ikazkinen lana irudikatzeko, berriz, txondorrarekin beste karroza bat egingo dute ikatza nola egiten zen erakutsiz. "Horretarako egurra erabiliko dugu eta barrutik kea aterako da", azaldu dute. Bi karroza izanik espero dute herritarrek garai bateko lanaz gain, karrozak prestatu dituztenen lana ere estimatzea.
• Txomin Mujikari omenaldia
Txomin Mujikak jasoko du aurten Atabalen omenaldia. Mujikak oraintsu laga dio Elgoibarko Udal Musika Bandako zuzendari izateari eta danborradan berak konposatutako piezak jo izan dituzte, iaz esaterako, Txomin Mujikak C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira sortutako martxa jo zuten. Hori dela-eta, Mujikari errekonozimendua egin nahi diote publikoki.