Txomin Mujika Latxak berak esango lukeen moduan "apoteosikoa" izan da lagunek bere agurrerako antolatu duten ekitaldia. "Badakizue hiztuna naizela, baina oraingoan berbarik gabe laga nauzue. Danori, bihotzez, eskerrik asko. Sekula ez zait ahaztuko gaurko eguna", esan du amaieran.
Kontzertuaren lehen zatia ohiko bidetik joan da. Udal Musika Bandak iragarrita zeuden hiru piezak jo ditu Santa Zeziliako kontzertu berezian, eta zuzendariak ohi duen grazia eta komunikatzeko gaitasunarekin aurkeztu ditu. Besteak beste, Beethovenek burua altxako balu dantzan egingo lukeela esan du salsa estiloa eta bere Bosgarren Sinfonia ospetsua uztartzen dituen Quinta Sinfonia & Mambo Nº 5 abestia entzunez gero. "Bere sasoian mamboa asmatu gabe zegoen arren, Maria Victoria Jauregi eta horiekin batera dantzan hasiko zan, konbentzituta nago. Eta berpiztuko balitz, ziur nago kontzertuaren ostean daukagun bazkarira ere etorriko litzakeela Sigma jatetxera. Aupa Beethoven!", esan du.
• Eskerrak familiari, Bandari eta jarraitzaileei
Azken pieza jo aurretik, Mujikak eskerrak eman dizkio bere familiari, eta bereziki bere emazteari (Eloisa), "horrenbeste urtean eduki duen pazientziagatik". Bandako kideak ere gogoan izan ditu. "Talde langilea, jatorra eta zintzoa da. Erabateko luxua". Eta azkenik, jarraitzaileei eman dizkie eskerrak, "zuek zaretelako Bandaren arnasa eta motibazioa. Sekula baino besarkada handi, estu eta maitakorragoa bidaltzen dizuet. Agur". Azken pieza zuzendu du gero, ustez. Izan ere, Bandako kideak euren eserlekuetatik altxatu dira, bai, baina gaurko emanaldia hasi besterik ez da egin. Aurrerantzean Bandako zuzendaria izango den Gorka Mujikari eman dio batuta Mujikak eta hortik aurrera hasi dira berak jakin gabe antolatu dizkioten omenaldiak eta aitortzak.
• Ezusteak eta opariak
Bere bizitzako eta musikari gisa egin duen ibilbideko argazkiekin osatutako bideo bat, 'Musikaz betetako bizitza bat' izenburua zeramana, eman dute lehenik Herriko Antzokiko zine pantailan. Emozionatu egin du protagonista. Bideoaren ostean, Txominen seme eta Bandako kide Ander Mujikak hartu du hitza eta ekitaldia gidatzeko ardura. Txomin saiatu da semea konbentzitzen bera izan dadin aurrerantzean kontzertuak aurkeztuko dituena, baina ez du lortu. Izan ere, erretiroa hartu duen arren, azken urteotan egin duen bezala, kontzertuetako obrak aurkezten jarraituko du Txominek.
Ander Mujikak Elsa Roig eta Pepe Pla musikariek eskaini duten saioa aurkeztu du gero. Ondoren, Elgoibarko alkate Ane Beitiak, intsignia bat eta pergaminu bat oparitu dio Mujikari, Udalaren izenean. Bandako kideen oparia ere jaso du, guztiak ageri diren argazki bat koadroan sartuta. Udal Musika Bandaren kontzertuak grabatzen eta ematen dituen Arrate Irratiko esatari Bernardo Ibarrak eginiko oparia ere jaso du gaurko protagonistak. Irrati bat oparitu dio, nola ez. Era berean, Biar Dana musika elkarteak ere parte hartu nahi izan du gaurko omenaldian eta opari bat egin diote Mujikari.
• Txistu eta dultzaina doinuak ezin falta
Oparien ostean, Gorka Mujika Urainek zuzendari gisa gidatu duen lehen pieza jo du Bandak. Bandako kide izandako hainbat lagun igo dira oholtzara, besteak beste, Diego Moreno, Iñaki Gurrutxaga, Facun La Serna, Iñaki Uria eta Jon Zabala. Eta horien ostean Garikoitz Mendizabal txistularia ere igo da, txistuarentzat konposatutako pieza jo baitute guztiek.
Txomin Mujikak bonbardinoa, tronboia eta baxua jo izan ditu bandan, eta horrez gain, txistua eta dultzaina ere joten ditu. Hala, txistuaren ostean, dultzaina doinuek hartu dute aretoa. Eltziegoko Gomez Palacios anaiek, Juan Carlosek eta Juantxuk, bere lagun Txominen alboan egon nahi izan dute gaurkoa moduko egun seinalatuan.
• Musika munduan eginiko lagunen mezuak
Txominek musikaren munduan egin dituen lagun askok gaurkoan bere ondoan egon ezin izan badute ere, Bandako kideek bilatu dute horretarako modua eta haiek grabatutako mezuak eman dituzte pantailan. Serafin Zubiri musikariak, Johan De Meij konposatzaile eta zuzendariak, Miguel Romea orquestra zuzendariak, Sanz Espert Madrilgo Musika bandako zuzendariak, Pascual Villaplana Bilboko Musika bandako zuzendariak eta Juanjo Mena orquestra zuuzendariak grabatutako mezual eskaini dituzte.
Gaurko kontzertuko azken pieza Txomin Mujikak zuzendu du, hau bai azkena.
- ARGAZKI BILDUMA: Txomin Mujikaren agur-kontzertua
- Txomin Mujikak BARRENi eskainitako elkarrizketa (1055. zenb. 2017-11-24 -PDF-)