Alzola Basque Water enpresak Arriaga industrialdera zabalduko ditu bere instalazioak

Barren.eus 2018ko eka. 26a, 15:24

Altzolako ura boteilaratzeko instalazioak Arriaga industrialdean dagoen 2.000 metro koadroko industria-nabe batera zabalduko dituztela jakinarazi du Alzola Basque Water enpresak. Era berean, hiru milioi euroko inbertsioa egingo dute, Altzolako urarekin urtean 60 milioi litro boteilaratu ahal izateko.

Alzola Basque Water enpresak 30 milioi litro ur ekoizten ditu gaur egun urteko, eta 2,2 milioi euroko fakturazioa du urtean. 

Bi mendeko ibilbidearen ostean, 2011n enpresa "amildegian" erortzeko zorian zegoela ikusita aro berriari ekin zion Alzola Basque Waterrek. Urtean bost milioi litro boteilaratzen zituzten sasoi hartan, eta inguruan bakarrik saltzen zuten ura. Hala, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu behar izan zuten 2012an, Garrido familiak enpresa erosi zuen urte berean. Harrezkero, urtetik urtera % 10 eta % 30 arteko hazkundea izan dute. "Gaur egun boteilaratu aurretik dago salduta Altzolako ura", azaldu du Asier Zabarte enpresako komunikazio arduradunak, enpresak izandako bilakaera eta susperraldia irudikatzeko.

• Hazteko beharra

Azken urteotako arrakasta Altzolako uraren "kalitatean" eta marketing estrategia apurtzailean oinarritu dutela diote. "Munduan ez dago gure uraren parekorik, munduko orekatuena da, guk dakigula". Arrakastarekin batera ailegatu da, baina, handitzeko beharra, Altzolako bainuetxea egon zen eraikina txiki gelditu baitzaie. Berrehun urte dituen eraikinean dute kokatuta produkzioa eta horrek mugatzen ditu. Ezin diote iturburuari nahiko luketen ekoizpen guztia atera eta produkzioa bera garestiago irteten zaie gaur egun dauden baldintzetan eta dituzten baliabideekin. Gauzak horrela, enpresaren instalazioak Arriaga industrialdera zabaltzea erabaki dute. Sprilurren jabetzan dagoen nabe bat erabiliko dute horretarako, eta alokairuan egongo dira hurrengo bi urteetan. Altzolako iturburuarekin lotuta egongo da Arriagako eraikina, lur azpitik joango den 1,5 kilometroko hobi baten bitartez. Instalazioak egokitzeko 1,5 milioi euroko kostua izango duten lanak egingo ditu enpresak eta beste horrenbesteko inbertsioa egin beharko dute behar dituzten makina berriak erosteko. Instalazio eta azpiegitura berriak urte amaierarako prest egotea aurreikusten dute.

Hiru helburu nagusi
Hiru helburu nagusi dituztela azaldu du Asier Zabartek. Lehenik eta behin arbasoek zuten uraren kultura berreskuratu behar dela dio. "Geure den ura dela aldarrikatu behar dugu". Aurrekoarekin lotuta, Altzolan dagoen "altxor hidrikoa" balorean jarri behar dela uste du, "beste inork eskutik ken ez diezagun". Izan ere txinatarrek Altzolako ura erosteko asmoa azaldu diete. "Euren esku balego iturburua erosiko lukete, baina guk ez dugu hori nahi. Hemendik hamar urtera Altzolako ura Corte Inglesean bakarrik erosi ahalko genuke bestela, eta oso garesti". Angulekin gertatu dena jarri du adibidetzat. Azkenik, produkzioa handituta enplegua sortzea dela enpresaren helburu nagusietako bat dio komunikazio arduradunak. "Euskaldun bakoitzak hilean Altzolako hiru ur botila erosita 30 bat lanpostu sortzeko modua izango genuela zabaldu genuen orain dela denbora bat Twitter bidezko mezuan. Ez gaude kopuru horretatik urrun, 30 bat behargin ditu enpresak gaur egun".

2018 06 26 altzola basque water eraikina bainuetxea