Guztira 80 ehiztari lehiatu ziren Zambranako El Castillo ehiza barrutian jokatu zen Euskadiko Txapelketan, joan den uztailaren 1ean. Sei orduko lehiaren ostean, Aitor Ezeiza donostiarrak irabazi zuen proba, gizonezkoetan; eta, Leire Egaña elgoibartarrak emakumezkoetan. Egañak Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa irabazi zuen joan den urrian eta ehiza-ibilbide modalitateko titulua eskuratu du orain. Ehiza debekualdia dagoenean edo animaliak umealdian daudenean praktikatzen da modalitate hau.
• Ehun plateretatik 62 jo zituen
Makina automatiko batzuk jartzen dituzte ehiza-ibilbidean, bost Zanbranako ibilbidean, eta horietatik hainbat tamainatako platerak jaurtitzen dituzte. Makinak urrutiko kontrol bidez kontrolatuta daude, jaurtitzailea prest dagoenean epaileak makina aktibatu dezan. Airera botatzen dituzte batzuek, hegaztien hegaldiak irudikatuz, eta lurretik gertu beste batzuek, erbi edo untxiak izango balira moduan. Aitor Ezeizak jaurti zizkioten 100 plateretatik 92 jo zituen eta La Union elkarteko ordezkari Leire Egañak 62 plater jo zituen. "Horrelako proba batean parte hartzen nuen lehen aldia zenez, ehunetik erdiak jotzeko asmoarekin hartu nuen parte, hasiberri batentzako emaitza ona dela uste dut eta. Uste nituenak baino hamabi plater gehiago jota, oso pozik nago. Esperientzia polita izan da", azaldu du ehiza lehietan aurten parte hartzen hasi den Leire Egañak. Ederne Sarasola sailkatu zen Egañaren atzetik, 59 plater jota, eta Maider Cambra sailkatu zen hirugarren postuan, 38 plater jota.
Euskadiko txapelketa irabazita Espainiako ehiza-ibilbide txapelketa jokatzeko aukera izango du ehiztari elgoibartarrak. Uztailaren 27tik 29ra jokatuko da Valladolideko Ciguñuela herrian. Han, ehun beharrean berrehun plater botako dizkiete hiru jardunalditan jokatuko den txapelketan.
∞Lotura duten albisteak