Aurten 75. urteurrena ospatzen diharduten Mugertza kroseko antolatzaileek eta Morkaiko Mendizale Elkarteko kideek piztuko dute San Bartolome festei hasiera emango dien txupina, abuztuaren 23an, 13:00etan. Gero, segidan etorriko dira jai egun guztiak. Abuztuaren 27an, astelehena, izango da Txiki Eguna eta Gazteen Egunarekin amaituko dira jaiak, abuztuaren 28an, martitzena. Hortaz, jaietan egin ohi dituzten hiru sokamuturrak ere elkarren jarraian izango dira: abuztuaren 26an, 27an eta 28an.
• 209.000 euroko aurrekontua
2018ko sanbartolomeek ehun ekitaldi inguru izango dituztela jakinarazi dute udal agintariek. Horiek antolatzeko 209.000 euroko aurrekontua (169.930 eurokoa izan zen iaz) bideratu dutela jakitera eman dute prentsaurreko agerraldian, iaz baino 45.000 euro gehiago. "Bultzada ekonomiko honi esker, maila handiko ikuskizun eszeniko eta musikal ugari antolatu dira, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Serafin Zubirik En Esencia orkestrarekin abuztuaren 23an emango duen kontzertua, Gatibuk abuztuaren 24an eskainiko duena eta Nogen eta Hesiak taldeek azken egunean, Gazteen Egunean, eskainiko dituzten kontzertuak. Mariatxi talde batek, berriz, Sonidos de Mexico izeneko emanaldia emango du bi egunetan, abuztuaren 25ean eta 26an. Oihan Vegaren disko festarik ere ez da faltako aurten", azaldu dute.
Kontzertuez gain, bestelako ekintzak antolatzeko "esfortzu handia" egin dutela esan dute. "Hala nola ikuskizun eszenikoak eta jada ohikoak diren betiko ekintzak: erraldoi, buruhandi eta zezen-zikleten kalejirak, haurren parkeak, txarangak, soka dantza, dantza eta txistu emanaldiak, gazta eta sagardo lehiaketak, jubilatuen bazkaria, e.a.".
• Profesionalen arteko pilota txapelketa eta Drift trike erako goitibeherak
Ohikoak diren beste ekintza batzuk beritasunekin datoz aurten. Profesionalen arteko esku pilota partiduak, esaterako. Aurten San Bartolome Pilota Txapelketa egingo dute estreinakoz. Abuztuaren 24an jokatuko dituzte finalerdiak eta 26an izango da finala. Gainera, bi egunetan beharrean hiru egunetan izango dira profesionalen arteko partidak Ikastolako frontoian, Txiki Egunean ere izango baita pilota jaialdia. Era berean, Gazteen Egunean San Roken egiten den goitibehera jaitsieran, Drift trike erako goitibeherentzako kategoria berria egongo da aurten.
• Limousin ganadu lehiaketa, Sigman
Euskadiko Lomousin Ganadu Lehiaketa egingo dute aurten jaietan, bi egunetan, abuztuaren 25ean eta 26an. Sigmako probalekuan egingo dute Aita Agirreko obrak direla-eta.
• Herritarrekin elkarlanean sortutako egitaraua
Elgoibarko Udalak jaietako egitaraua osatzeko prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan urte hasieran, "jaietako programa ahalik eta parte-hartzaleena egiteko eta herritarren gustu eta interes desberdinei erantzuteko asmotan". Guztira ehun proposamen jaso dituztela jakitera eman dute, eta horietatik hamasei sartu dituzte egitarau ofizialean. Hona aurtengo jaiek izango dituzten hainbat ekitaldi berri.
• Ume jaioberriei ongietorria
2017an jaiotako umeei ongi-etorria egingo diete abuztuaren 22an, Kultur Etxeko erakusketa gelan. Ehun bat ume jaio zirela iaz Elgoibarren kalkulatu dute udalean eta azaltzeko deia egin diete horiei. Mendaron badira urte batzuk ohitura hau hasi zirela, santana jaietan.
• Larrain dantza
San Bartolome Bezpera Egunean soka dantzaren antzekoa den Larrain dantza herrikoia egingo dute Kalegoen plazan, 12:30ak aldera. Zirkulua osatuz eta bikoteka egingo dute dantza. Bezpera eguna Serafin Zubiriren kontzertuarekin eta En Esenzia orkestraren emanaldiarekin amaituko da.
• Argi eta musika ikuskizuna
Herritarrek eginiko proposamenetatik hiru San Bartolome Egunean egingo dira. Rojo estandar ikuskizuna Kalebarren plazan, Lanordikaren eskutik; su, argi eta musika ikuskizuna udaletxeko fatxadan eta Gatiburen kontzertua Kalegoen plazan.
• Txiki Txef eta herri kirolak, umeentzat
Umeen Egunerako Txiki Txef ekimena antolatu dute. Parte hartzen dutenek taloak, gailetak, frutaz eginiko brotxetak, txokolatezko piruletak eta gozoki tartak egingo dituzte. Umeen egunetik kanpo ere gozatu ahal izango dute festez umeek. Txiki Egunean umeentzako herri kirolak izango dira, 18:30etik aurrera, Aita Agirre plazan. Txinga eroaten, lokotx biltzen, harrijasotzen, trontzan, kontrabandista lasterketan edo sokatiran arituko dira. Jarraian, 20:00etan, Frantziako Rockbox rock fanfarrearen kalejira hasiko da Kalegoen plazan. Iaz ere egon ziren Elgoibarren, Txiki Egunean. AC/DC, The Beatles, ZZ Top edo Deep Purple, Kiss, Cream edo Motorhead talde mitikoen doinu eta erritmo biziekin girotuko dituzte herriko kaleak.
• Dirt Jump eta Trialsin Funbox factory
Iaz Elgoibarren izan zen ikuskizun bat berriro ikusteko aukera izango da: Dirt Jump eta Trialsin Funbox factory izenekoa. Eguraldiagatik Ikastolako frontoian egin behar izan zuten iaz, baina Kalegoen plazan egin nahi dute aurten.
• Bisita gidatua Olasoko San Bartolome eliza zena ezagutzeko
Olasoko San Bartolome antzinako elizari buruzko xehetasunak jakiteko antolatu duten bisita gidatua da jaietako egitarauan sartu duten berritasunetako bat. San Bartolome Bezperan, abuztuaren 23an, egingo dute. Pello Arrieta eta Javier Elorza historialariek gidatuko dute bisita. 10:00etan hasiko da eta bi orduko iraupena izango du.
2017ko San Bartolome jaiak, iruditan
- Bezpera Eguneko argazki-bilduma (abuztuak 23)
- San Bartolome Eguneko argazki-bilduma (abuztuak 24)
- Txiki Eguneko argazki bilduma (abuztuak 25)
- Baserritarren Eguna (abuztuak 26)
- Umeen eta Jubilatuen Eguna (abuztuak 27)
- Gazteen Eguna (abuztuak 28)