San Bartolome festetako egitaraua ehun ekitaldi ingururekin osatu du Udalak

Barren.eus 2017ko uzt. 28a, 11:54

San Bartolome festetarako prestatu duten egitaraua aurkeztu du Elgoibarko Udalak. Ehun ekitaldi inguru izango dira abuztuaren 22tik 28ra bitartean, eta 169.930 euroko aurrekontua izango dute jaiek (172.616 eurokoa izan zen iaz). Berrikuntzen berri ere eman dute. (egitaraua dauka)

Elgoibarko Udalak, ohiko ekintzez gain, jarduera berriak antolatu ditu 2017ko San Bartolome jaietarako. Horietako batzuek nabarmendu dituzte Ane Betia, Elgoibarko alkateak, Andrea Arriola, Udaleko Kultura zinegotziak eta Blanca Salegi teknikariak jaietako egitaraua aurkezteko eskaini duten prentsa agerraldian.

bartolo elgoibar egitaraua Fanfare RockboxSylvie Bosc 1072x560

  • Txiki Egunean kalejira eskainiko du Rockbox rock fanfarreak, Kalegoen plazatik hasita (19:00). Musika talde frantziarrak AC/DC, The Beatles, ZZ Top edo Deep Purple, Kiss, Cream edo Motorhead talde mitikoen doinu eta erritmo biziekin girotuko ditu herriko kaleak.
  • Abuztuaren 26an, Baserritarren Egunean, haurrentzako zumba saioa (Kalegoen plazan, 19:30ean) izango da beste berrikuntzetako bat.
  • Abuztuaren 27an, Umeen Egunean, herriko haur eta gaztetxoek Goazen! telesaileko kantak abestu eta dantzatzeko aukera izango dute, telesaileko aktoren batzuen laguntzaz, "Go!azen, dantzatu eta abestera" kale musika ikuskizunean. Neska mutilek bi koreografia ikasiko dituzte eta ondoren, karaoke ireki bat egongo da. Maalako parkean izango da, 19:30ean.  

bartolo elgoibar sdokamuturra maala 2014

Sokamuturra Maalatik?

  • Gazteen Egunean ohikoa bihurtu zen ekitaldi bat antolatzeari lagako diotela aurreratu dute Udal arduradunek, zezen bolaztatuekin jokatzen zuten futbol txapelketa, hain justu ere. Hura ordezkatzeko Dirt Jump-a eta Trialsin erakusketak antolatu dituzte Aita Agirre plazan (18:00-19:00).
  • Halaber, hilaren 25 eta 28ko sokamuturretan, zezenak Maalako parketik hasteko "ahalegin guztiak" egiten ari dela azaldu dute udal agintariek. Maalako aterpea eraiki ostean, sokamuturra Maalatik hasteari laga zioten, oztopo asko zeudela-eta. "Arno ganadutegiko Agustin eta Iosu Arraiz (Hirigintza zinegotzia) harremanetan daude Maalan dauden jesarleku, poste, txosna eta abarrak sokamuturrarekin nola uztartu daitezkeen asmatzeko", azaldu du Elgoibarko alkate Ane Beitiak.

• Kontzertu eta ikuskizun eszeniko aukera zabala
Musika eta ikuskizun eszenikoek leku handia dute jaietako egitarauan, besteak beste, Vendetta ska talde nafarra (abuztuak 23, Kalegoen plaza, 23:00etan), Gozategi (abuztuak 24, Kalegoen plaza, 23:00etan), Alex & Urtza Diskofesta (abuztuak 25, Kalegoen plaza, 22:30etan), Oihan Vegaren Disko Festa  (abuztuak 26, Kalegoen plaza, 23:00etan) edota Itziarren Semeak (abuztuak 28, Maalako parkea, 23:00etan) taldeen kontzertuak egongo dira ikusgai.
Kontzertuez gain, hiru ikuskizun eszeniko nabarmendu dituzte. Lehena abuztuaren 24an izango da, 19:30etan, Vaiven Circo taldearen eskutik “Do not disturb” ikuskizuna eskainiko dute Kalebarren plazan (euria bada, Maalan). Bigarrena, “Walkman” izenburuko ikuskizuna, Ganso&Cia taldearen eskutik, abuztuaren 27an, arratsaldeko 18:30etan izango da Kalebarren plazan (euria bada, Maalan). Eta bukatzeko, hirugarren ikuskizuna ere abuztuaren 27an izango da, 22:30ean, Deabru Beltzak taldeak “Su danborradak” kalejira abiaraziko du Kalegoen plazatik, piroteknia eta guzti.

bartolo elgoibar egitaraua vendetta caba as gauilunakTxupinazoa C.D. Elgoibarrek
C.D. Elgoibar taldearen mendeurrena ospatzen dela eta, taldeko ordezkariek izango dute aurtengo txupinazoa botatzeko "ardura eta ohorea". Urtero lez, jaien hasiera iragartzeko txupinazoa abuztuaren 23an botako da, udaletxeko balkoitik,13:00etan. Txupinazoarekin, sei eguneko festa giroari hasiera emango zaio. Abuztuaren 24an San Bartolome egun handia ospatuko da. Abuztuaren 25ean Txiki Eguna eta 26an Baserritarren Eguna. Abuztuaren 27an Jubilatuen eta Umeen Eguna izango da eta bukatzeko, astelehenean, hilak 28, Gazteen Eguna.  
Ane Beitiak eskerrak eman dizkie Elgoibarko Udaleko langileei, "urte osoan zehar egindako lanarengatik eta, nola ez, jaiak posible egin dituzten herriko elkarte, talde eta norbanako guztiei ere”. Honez gain, Beitiak “jaiak bizikidetzarako gune aproposak” izan behar direla adierazi du eta horregatik “jaiak arduraz gozatzeko” eskatu du.

Hona hemen 2017ko San Bartolome jaietako EGITARAUA -PDF-

∞ Lotura duten albisteak:

• 2016ko San Bartolome jaietako ARGAZKIAK