Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideak izan ziren oholtza gainera igotzen lehenak. San Lorenzo egunean Berastegiko plazan dantzatzen diren dantzak eskaini zituzten Maalako eszenatokian. Brokel-dantzaren zikloaren egitura antzekoa duten dantza horiek fisikoak eta exijenteak dira oso. Mugimendu bereziak egiten dituzte dantzariek, aipagarriak dira, ostiko azkarrak, besoekin egiten diren mugimendu indartsuak edota saltoetan gerria mugitzeko modua. Kapitainak paper berezia jokatzen du, bere lana baita atzeko gainerako hamabi dantzariak gidatzea.
Gipuzkoako abuztuko festetatik Kenyako folklore afrikarrera egin zuen jauzi jaialdiak. Naiorobi hiriburuko African Tumbas taldeak euren folkloreko parte diren ezkontzak, jaiotzak, igarotze-errituak, uztak, gerrak, jaialdi erlijiosoak edota heriotza irudikatu zituzten Maalan. Tradizio horren sustraiak tribuetako ehiztariek euren ehiza-istorioak kantuen eta dantzen bidez kontatzen zituzten haietan aurkitu behar dira. Kenyako bizimoduaren alderdi guztietan oraindik topa daitezkeen praktikak dira, eta herrialde hartako hainbat komunitate etnikotako historia, erlijioa edota ohitura sozialak azaleratzen dituzte. Maasai dantzek ere Keniako beste ekitaldi batzuk irudikatzen dituzte, gerlarien adin nagusitza zeremoniak edota eguneroko zereginak. Eta, musikari dagokionez Hakuna Matata abestia ere kantatu zuten, publikoaren laguntzaz.
Afrikako paraje beroetan sortutako dantzen ostean Siberitik, Altaiko Errepublikatik, etorritako dantzariak eta musikariak igo ziren oholtza gainera. 1967an sortutako Ongoki taldeko dantzari errusiarrek zur eta lur laga zituzten Maalan batutako lagunak energiaz eta elastikotasunez beteriko dantza, jauzi eta txiribueltekin.
Ohi duten legez, Haritzeko dantzariek eman zioten amaiera folklore jaialdiari. Zuberoako dantzak eskaini zituzten oholtzara igo ziren bigarren aldian. Maskaradetan dantzatu ohi diren zenbait zati, ofizio, koreografia eta jauzi dantzatu zituzten Elgoibarko manexek.
∞ Lotura duten albisteak:
- Kenya, Siberia eta Euskal Herriko folkloreak Maalan bat egingo dute barixakuan (2018-07-18)
- Maalako parkea India, Txuvaxia eta Euskal Herriko folklorez bete zuten (2017-07-22)
- Folklore jaialdia hartzeko egokitu dute Maalako parkea (2017-07-20)
- Maalako parkean izango da aurtengo Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia (2017-07-07)
- Jose Inazio Sarasua zendu da (2017-04-11)