Bigarren eskuko gauzen azoka antolatu dute Mendaron domekarako

Barren.eus 2018ko ira. 4a, 14:15

Trastelekuan gordetzen diren gauzei bigarren aukera bat emateko asmoz Mendaroko hainbat lagunek antolatu dute bigarren eskuko gauzen azoka hau. Era honetako hirugarrena izango da domekakoa.

Postuak herritarrek zein Mendarotik kanpokoek ipini ahal izango dituzte Goñati pilotalekuan, 11:00etatik 14:30era bitartean, domekan (irailak 9). Hala ere, baldintza bat bete beharko dute: etxean bazterrera utzitako arropak, zapatak, liburuak zein bestelako tresna edo hornidurak saldu ahal izango dira, eta ez komertzioetako produktuak. Horrela, saltzen diren horiek berrerabili egin ahal izango dira. Joan den ekainaren 3an egin zuten azken azokan 27 postu batu ziren frontoian eta 25 postu estreinako azokan. Aurrez azokan erosketak egin dituztenek aukera politak lortu dituzte eta antolatzaileak ere pozik daude. Ondorioz, beren asmoa da abenduan beste bat antolatzea eta arrakasta bera izanez gero, aurrerantzean hiru hilabetean behin azoka bat egitea. Postua jarri nahi dutenek 2.eskukoazokamendaro@gmail.com e-postara idatzi behar dute.

• Mandira Studio
Jendea salerosketan ari den bitartean txikienek ere izango dute beren txokoa Mendaroko frontoian. Izan ere, artea eta birziklapenarekin lotutako Mandira Studio proiektua jarri dute abian Mendaron eta azokan haurrentzako birziklatze tailerra izango da jolastu eta ikasteko.

2018 09 04 2 eskuko azoka mendaro ekaina 1