Abendua da xakearen hilabetea Elgoibarren, hil horretan jokatzen baitute Nazioarteko Xake Txapelketa [27. edizioa jokatu zuten iaz]. Zubiondo Xake Elkarteak, baina, apostua handitu eta Nazioarteko Danobat Irekiaren estreinako edizioa antolatu du irailerako, Elgoibarrek xakelarien artean duen erreferentzialtasuna handitu eta sustatzeko asmoz. Adin guztietako xakelarii dago irekia txapelketa, afizionatu zein profesionalentzat. Hala, xakelari afizionatuek nazioarteko xake maisuen aurka jokatzeko aukera izango dute. Suitzar erara jokatuko dute torneoa, eta xakelari bakoitzak bederatzi txanda eta hogei minutu izango ditu partida osatzeko. IMHko Asmaola eraikinean jokatuko dituzte partidak, irailaren 22an eta 23an. Elgoibarko Udala eta Danobaten babesari esker, antolatzaileek 2.000 eurotik gora banatuko dituzte sarietan. Gipuzkoan diru gehien banatuko duen xake irekia izango da, Donostiakoaren atzetik.
• Irailaren 15era arte eman daiteke izena
Izena emateko azken eguna irailaren 15a izango da. Izena emateko edo edozein zalantza argitzeko fidodidomik@hotmail.com helbidera idatzi behar da edo 637 737 113 telefono zenbakira deitu edota whatsappa bidali. Izena ematerakoan 18 urtez azpikoek bost euro ordaindu beharko dute eta 12 euro gainerakoek. Xakeko ELO sailkapenean 2.200 puntu baino gehiago dituzten xakelariek ez dute izenematea ordaindu beharko.
• Xakeko maiusu handiak izena emanda
Antolatzaileek jakinarazi dute 45 xakelarik eman dutela izena dagoeneko eta izena eman duten xakeko maisu handien zenbait izen ere ezagutzera eman dituzte. Besteak beste, Alejandro Franco, Mikel Huerga, Jaime Santos, David Lariño... eta Espainiako Txapeldun berriak, Gabriel Del Riok, ere eman du izena. Argentinarra da jaiotzez Gabriel del Rio xakeko, baina urteak daramatza Sestao taldearekin jokatzen. Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketan ere parte hartu izan du.
• Open Danobat Elgoibar azpi 2200
Nazioarteko Irekiarekin batera, beste txapelketa bat ere antolatu du Zubi Ondo xake taldeak Danobaten, Elgoibarko Udalaren eta Kirol Patronatuaren laguntzarekin: Open Danobat Elgoibar azpi 2200 txapelketa. Federatutako xakelarientzat izango da eta Elgoibarko Kultur Etxean jokatuko dituzte partidak. Irailaren 27an jokatuko dute lehen txanda eta abenduaren 13an azkena izango den zazpigarren txanda. 19:00etatik aurrera jokatuko dira txanda guztiak. Une honetan 25 xakelari daude izena emanda eta 48an jarri dute muga. Informazio osoagoa eta txapelketaren jarraipena egiteko: info64.org
• Ume eta nagusientzako xake ikastaroak, urrian
Umeentzako eta nagusientzako xake ikastaroak eskainiko dituzte urritik aurrera Elgoibarko Xake Taldekoek Pedro Mugurutza kalean duten lokalean. Mikel Leon izango da hastapen mailako ikastaroko gidaria eta xakeko nazioarteko maisua den Alejandro Franco xakelariak irakatsiko die maila handiagoa duten xakelariei. Informazio osoagoa eta izena emateko fidodidomik@hotmail.com helbidera idatzi behar da edo 637 737 113 telefonora deitu edo whatsappa bidali.