Musikarik gabe hasi dute ikasturtea Oin-Alaiko erabiltzaileek

Barren.eus 2018ko ira. 7a, 18:38

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Oin Alai ekimeneko erabiltzaileek musikak girotuta egin behar zuten ikastetxerako bidea iraileko lehen eskola egunean. Euriagatik bertan behera laga dute baina. Aurten Ikastolako umeek bakarrik hartuko dute parte Oin Alain.

2018-2019 ikasturtea hasi dute gaur eskola umeek. Lehen eguna alaitasunez hasteko, Oin Alaiko erabiltzaileek trikiti doinuek girotuta egin behar zuten eskolarako bidea, baina goizean euria ari zuela-eta bertan behera gelditu da aurreikusita zegoen trikitilarien saioa. Euria, baina, ez da eskolara ez joateko aitzakia nahikoa izan ikasleentzat, eta musikarik gabe izan bada ere ikastetxera joan dira horiek. 

• Herri Eskolako ikaslerik gabe, momentuz
Urte batzuetan partaide kopurua txikia izan bada ere, azken bi urteotan ikastetxera Oin Alairekin oinez doazen umeen kopurua igo egin dela jakinarazi dute arduradunek, eta horrek proiektua "egonkortu" duela nabarmendu dute. 2010.urtean abian jarri zuten Oin Alai, ikasleak ikastetxeetara oinez joatea sustatzen duen ekimena. Ikastolak mantendu egin du iazko ikasle kopurua eta boluntarioen kopurua ere igo egin da, egitasmoaren jarraipena bermatuz. Herri Eskolaren kasuan, aldiz, egoera bestelakoa da, garraio publikoa eskaintzen duen heinean, askok ez dutelako Oin Alai zerbitzuaren beharrik. Hala, aurten, eta momentuz, Herri Eskolako ikaslerik ez da izango. Hala ere, ikasle eta boluntario gehiago animatuz gero, ez dute baztertzen proiektua berriro martxan jartzeko aukera.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe biek, eta bakoitzaren guraso elkarte eta kontseiluek, "guztiz sinisten dute proiektuan" eta argi dituzte egitasmoak sorrarazten dituen onurak zeintzuk diren, bai herrian, bai umeengan. Eta horregatik, parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

∞ Lotura duten albisteak