Arkaitz eta Leire Egaña anai-arrebak nagusi Debabarreneko Ehiza Xehe Txapelketan

Barren.eus 2018ko ira. 24a, 19:53

Debabarreneko Ehiza Xehe Txapelketa jokatu zuten atzo Arabako Zambrana herrian. Ehiztari elgoibartarrek maila bikaina erakutsi zuten, egañatarrek bereziki. Arkaitz Egaña gailendu zen senior gizonezkoetan, Leire Egaña emakumezkoetan eta bigarren postua eskuratu zuen bien aitak, Joxe Mari Egañak, beteranoetan.

Zambranako (Araba) El Castillo ehiza barrutian jokatu zuten 2018ko Debabarrenako Ehiza Xehe Txapelketa. Joan den martxoan jokatu zen Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketan gertatu zenaren antzera, txapel guztiak etxera eramateko gutxi falta izan zaie oraingoan ere egañatarrei. Izan ere, senior gizonezkoen mailan Arkaitz Egañak irabazi zuen txapelketa. Birritan Espainiako txapeldun izan den ehiztari elgoibartarrak 9 eper, faisai bat eta galeper bat ehizatuta irabazi zuen Debabarreneko txapelketa. Lan txakurrarekin lehiatu zen, ingeles setter arrazako lau urteko txakurra. Iñigo Gisasola sailkatu zen bigarren postuan, 5 eper ehizatuta; eta, beste elgoibartar bat, David Conde, sailkatu zen hirugarren postuan, 3 eper eta faisai bat ehizatuta. Condek irabazi zuen, hain justiu ere, Elgoibarko txapelketa joan den martxoan eta bigarren egin zuen Arkaitz Egañak.

Emakumezkoetan Leire Egaña gailendu zen. Bat txakurrarekin hiru eper ehizatu zituen. Egungo Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna da Leire Egaña eta ehiza-ibilbide modalitatean ere berak irabazi zuen Euskadiko txapelketa, joan den uztailean.
Ehiztari beteranoen artean Mauro Gonzalez izan zen onena (7 eper) eta Joxe Mari Egaña sailkatu zen bigarren postuan (3 eper).
Honenbestez, hiru egañatarrak Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketa jokatzeko sailkatuta daude. Zambranan bertan jokatuko da urriaren 7an.

2018 09 23 ehiza xehea debabarrena sariegaz zambrana elgoibar

∞Lotura duten albisteak