Emakumeek industrian jokatutako papera azaleratu zuten Makina Erremintaren Museoan

Barren.eus 2018ko urr. 23a, 10:17

Elgoibarko Makina Erremintaren Museoak bat egin zuen Ondarearen Europako Jardunaldiekin, eta ekitaldi berezia egin zuten joan den zapatuan. Emakumeek industrian jokatutako papera azaleratu zuten 'Estarta eta Ecenarro: Sigma josteko makinak, emakumeen lan munduratzea' izeneko erakusketan.

Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu hirugarren urtez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak. Europako Kontseiluaren ekimen honen xedea da ondarearen garrantzia balioetsi eta herritarrei gerturatzea. "Kultur ondasunak zaindu beharraren sentsibilizazioa bilatu nahi du ekimen horrek, gizarte kohesioa eta gure kultur identitatea indartzen duen elementu gisa, eta garapen ekonomikoaren eta enplegu jasangarriaren iturri baita", azaldu dute sustatzaileek. 

Aurtengoan emakumeen rola ikusgai jarri dute ondarearen eremuan. "Gure erronka da emakumearen eginkizuna ikusaraztea ondasun kulturalak sortu, zaindu eta transmititzeko garaian, beste alderdi askotan bezala, ezkutatuta edo kontuan hartu gabe egon baitira. Hau aukera bikaina da agerian lagatzeko emakumearen absentziak, isiltasuna eta bazterkeriak baita ondarearen eremuan ere", azaldu zuen Denis Itxaso Kultura diputatuak.

Emakumeren emaria bistaratzeko asmoarekin, 70 jarduera antolatu dituzte Gipuzkoako 33 herritan. Elgoibarren, Makina Erremintaren Museoak bat egin zuen ekimenarekin eta 'Estarta eta Ecenarro: Sigma josteko makinak, emakumeen lan munduratzea' erakusketa egon zen ikusgai zapatuan. Erakusketan hainbat josteko makina ipini zituzten, baita argazkiak eta panelak ere, enpresan honetan emakumeek izan zuten papera eta garrantzia azaleratzeko. Gaiaren inguruko hitzaldia ere eskaini zuten eta Museora batutakoek euren iritziak eman zituzten.