Oro har, ordenantza fiskalak KPIaren arabera (%2,2) eguneratzea adostu du Udal Gobernuak, baina aurten ere salbuespen batzuk egongo dira. Iaz %1,8ko igoera izan zuten eta aurreko lau urteetan ordenantza fiskalak izoztuta egon dira. Urte “txar” batzuen ondoren, joera ekonomikoa goranzkoa dela nabarmendu zuten. Bittori Zabala Elgoibarko Udaleko Ogasun zinegotziak esan zuen ziklo ekonomikoaren goranzko joeran murgilduta gaudela, baina hala ere, ez garela “euforian” erori behar: “Gure baliabide publikoak erantzukizunez eta zorroztasunez kudeatzen jarraitu behar dugu, eta 2019ko ordenantzek egoera horri erantzuten diote”.
• Salbuespenak
Ordenantzen igoera bateratua izango bada ere, salbuespen batzuk egongo dira: zaborraren gaineko tasa, esaterako, KPIaren azpitik igoko dute, %1,89. Udal Gobernuak esandakoaren arabera, hazkunde hori nahikoa izango da Elgoibarko Udalak Debabarreneko Mankomunitateari jasotako zerbitzuengatik ordaindu behar dion kopuruari aurre egiteko.
Kirol Patronatuaren tasei dagokienez, kontzeptu batzuetan irizpide orokorrari jarraitzea erabaki dute (%2,2ko igoera), baina beste kontzeptu batzuetan ez da igoerarik egongo. Hainbat motatako sarrerek, talde bereziek eta aire libreko instalakuntzek, esaterako, ez dute igoerarik izango.
Azkenik, Bittori Zabalak adierazi zuenez, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da Udala testuinguru jasangarri batetik abiatzea. Egun, Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua dela nabarmendu zuen, eta denon artean baliabideak handitzen jarraitu behar dugula gaineratu zuen.
∞Lotura duten albisteak:
- Ordenantza fiskalak %1,8 igoko dira, lau urtez izoztuta egon eta gero (2017-10-30)
- 2017rako ordenantza fiskalak izoztea erabaki du Elgoibarko Udalak (2016-10-28)
-
2016an Udalaren tasa eta zerga gehienak izoztea erabaki du Udalbatzarrak aho batez (2015-10-30)
-
Zerga eta tasa gehienak izoztuta mantenduko dituzte, bigarren urtez jarraian (2014-11-03)