Urtero egin ohi duen moduan Udalak tasa, kuota, tarifa eta ordenantza fiskalen aldaketa egin du. KPIa hartu dute oinarri eta EAEn abuztuan -0,2a izan da eta irailean -0,5a, beraz, erabaki dute, azken bi urteetan bezala, oraingoan ere ondenantza fiskalak izoztea.
Zerga eta tasa gehienak izoztu arren hainbat salbuespen ere egin dituzte. Batetik, hondakinen tasen gainekoa. Izan ere, Debabarreneko mankomunitateak Udalari eskaintzen dion zerbitzuaren kostua igoko duenez, hondakinen tasa ere % 3,2 igoko du Udalak. Baina Udal Gobernuak EH Bilduren proposamena onartu ostean, denen artean erabaki dute saritu egingo dituztela bosgarren edukiontzia erabilita birziklatzen duten herritarrak. 2015eko tarifan 30 euroko diferentzia izan zen edukiontzi marroira zabor organikoa botatzen zutenentzat eta botatzen ez zutenentzat. 2016an horientzat, hondakinen tasa % 1,5 igoko da; birziklatzen ez dutenek, berriz, % 5,75 gehiago ordaindu beharko dute tasa hori. Beraz, hondakin organikoa birziklatzen dutenek 154,47 euro ordainduko dituzte eta gainontzekoek 193,13. Hondakin organikoekin konposta egiten duten herritarrentzat hobari berbera mantenduko da.
Udal Kirol Patronatuari dagozkio beste aldaketak. % 3koa izango da igoera abonuetan eta preziorik baxuena duten ikastaroetan (zumba, aerobik eta spinning).
EAJren, EH Bilduren eta PSEren baiezko botoak jaso ziren Udalbatzarrean, beraz, aho batez, onartu zuten.
Gainera, erabaki zuten hemendik aurrerako bi lan-mahai eratzea. Batetik, hondakinen ingurukoa eta herrian hutsik dauden etxebizitzen gaia lantzeko bestea.