Viento Sur Gastrotekak aurkeztutako pintxoa sailkatu da Bacalaos Alkorta pintxo Txapelketako finalerako

Barren.eus 2018ko aza. 12a, 12:45

Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria II. Pintxo Txapelketan finalera sailkatu diren Debabarreneko ordezkariak jakitera eman dituzte antolatzaileek. Elgoibarren bost ostalarik hartu dute parte eta Viento Sur Gastrotekak aurkeztutako "Munduko txalupa" pintxoak irabazi du Elgoibarko kanporaketa.

Elgoibarko San Roke Kafetegia, Viento Sur, Mahala, Ibai Ondo eta Sigma lehiatu dira Bacalaos Alkorta Eibarko Hiria II. Pintxo Txapelketan.
Epaimahaikideak Mireia Alonso, Josu Mugerza, Jesus Portugal eta Aitor Buendia izan dira eta, euren berbetan, Debabarreneko finalaurrekorako aurkeztu dituzten proposamenek kalitatea eta profesionaltasuna erakutsi dute eta, iazkoarekin alderatuta, pintxoak aurkezteko moduan zein zaporean hobekuntza nabarmena igarri dute, "gure zorionik beroena parte hartu duten guztiei”. Joan den eguenean epaitu zituzten Elgoibarren aurkeztutako pintxoak eta Viento Sur Gastrotekak aurkeztutako "Munduko txalupa" izeneko pintxoa aukeratu zuten finalean lehiatzeko. Hain justu, Elgoibarko X. Pintxo Lehiaketa irabazi zuen uztailean Viento Surrek. Eibarren Baratze tabernako pintxoa eta Sagarrakoa Ermuan aukeratu dituzte. Hiru horiek izango dira Debabarreneko ordezkariak azaroaren 18an Eibarren jokatuko den finalean (12:30ean, Eibarko udaletxeko patioan).

2018 11 07 bakailau lehiaketa elgoibar viento sur
Finalean, gure eskualdeko hiru ordezkariekin batera, 2018an zehar Euskal Herriko beste eskualdeetan egin diren lehiaketak irabazi dituzten establezimendu hauek hartuko dute parte: Hondarribiko Gran Sol (Gipuzkoako Txapelduna), Durangoko Kobika (Bizkaiko Txapelduna eta 2017ko I. Edizioko irabazlea), Gasteizko El Portalon (Arabako Txapelduna) eta Iruñako El Merca’o de Pamplona (Nafarroa eta Euskal Herriko Txapelduna).
“Showcooking” formatuko saioa izango da finala: nahi duten guztiek finalista geratu diren pintxoak nola prestatzen dituzten bertatik bertara ikusi ahal izango dute. Gainera, ekitaldira doazenekin Herri Epaimahaia osatuko dute (12:30ean, ekitaldia hasi baino lehen), pintxoak dastatu eta Sari Herrikoia nork eramaten duen erabakitzeko. Iaz estreinakoz egin zen txapelketako irabazlea Durangoko Kobika jatetxea izan zen. Finalean San Roke katetegia izan zen Elgoibarko ordezkaria.
Txapelketa Eibarko Udalak, Elgoibarko Bacalaos Alkorta enpresak eta Mireia Alonso Perez gastronomo eibartarrak antolatzen dute, Solera Eibarresa, Selección Hinojal, Esther Galarza, Igartza Foodservice, Comercial Zabala, Ondojan eta La Ruta Slow-ren laguntzarekin.

bakailao pintxo lehiaketa elgoibar sanroke

2018 11 12 bakailao pintxo lehiaketa elgoibar sigma

2018 11 12 bakailao pintxo lehiaketa ermua irabazlea sagarra

2018 11 12 bakailao pintxo lehiaketa eibar baratze