Eusko Jaurlaritzak IK4-Ideko zentroko ikerlari Jokin Muñoaren lan zientifikoari aitortza egin dio

Barren.eus 2018ko aza. 23a, 10:55

Eusko Jaurlaritzak estreinakoz jendaurrean aintzatetsi du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) ikertzaileek bikaintasunean, espezializazioan eta merkatuarekiko hurbiltasunean egin duten lana. Jaurlaritzak 21 ikertzaileren ikerketa-lana eta meritu zientifikoa eta teknologikoa aintzatetsi ditu, horien artean Elgoibarko IK4-IDEKOko ikerlari Jokin Muñoak eginiko lan zientifikoa.

IK4-Ideko zentro teknologikoko Dinamika eta Kontrola ikerketa taldeko zuzendari Jokin Muñoari aitortza egin dio Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko zentro teknologikoetako ikerlarien artean nabarmentzeagatik eta "Euskadiko bikaintasun zientifikoari egindako ekarpenagatik". Muñoa Portaera Mekanikoan eta Materialetan doktorea da Mondragon Unibertsitatetik. 

Industria-fabrikazioari aplikatutako garapen teknologikoan ia 20 urteko eskarmentuarekin, Elgoibarko bizilaguna den Muñoak bere ikerketa-ibilbidea hasi zuen makina-erremintaren portaera estatiko eta dinamikoa elementu finitoen ereduetan oinarrituta aztertuz, IK4-Idekotik. Ondoren, makinetan ebaketa-eragiketen ondorioz sortzen diren dardaretatik eratorritako arazoak konpontzen espezializatu zen, egonkortasun teoriko eta teknika esperimentalen ereduak garatuz.
Bere ikerketa-arlo nagusia chatterraren ezabaketa izan da, eta baita soluzioen bilaketan mekatronikaren funtsak aplikatzea ere, makinen produktibitatea handitu eta fabrikazio prozesuen efizientzia handitzeko.
Muñoak 10 urtetik gorako eskarmentua dauka proiektu europarrak koordinatzen eta, egun, bere ikerketa-eginahalak zuzentzen ditu fabrikazio prozesuen eta makina erremintaren arteko interakziora, eta baita makina erremintaren dinamika neurtzeko teknika berriak, egonkortasun ereduak eta moteltze aktiboko metodoak garatzera ere.
Hainbat doktore-tesiren ikuskatzailea eta nazioartean errekonozimendu handia duena chatterra eta dardara autoeszitatuak ezabatzeko gailuen garapenean egindako ekarpenagatik, Muñoa 67 argitalpen zientifikoren autorea da eta fabrikazio aurreratuari aplikatutako ikerketan erakunde liderra den Produkzio Ingeniaritzaren Nazioarteko Akademiaren (CIRP) kide korporatiboa da.

 • Omenaldi-ekitaldia Lehendakaritzan

Lehendakaritzan ospatu zen ekitaldian jaso zuten errekonozimendua ikertzaileek, joan den eguaztenean, azaroaren 21ean. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatu zuen omenaldi-ekitaldiko buru izan da Iñigo Urkullu Renteria Lehendakaria. Teknologia-zentroek eta IKZek (ikerketa korporatiboko zentroak) beraiek hautatu dituzten ikertzaileei beren lana aintzatesteko diploma banatu zieten.