Irailaren 27an hasi zen 2.200 elo azpiko xakelarientzako Danobat Irekia. Harrezgero, parte hartzen diharduten 28 xakelariek astean behin jokatu dituzte partidak Kultur Etxeko sotoan. Azken jardunaldia, zazpigarrena, jokatuko dute eguenean (abenduak 13), 19:00etan hasita. Jon Arana eibartarra eta Isidro Ruiz arrasatearra ailegatu dira azken jardunaldira lehenengo eta bigarrengo postuetan, eta beraiek dira txapelketa irabazteko faborito nagusiak, bost puntu lortu dituzten bakarrak baitira. Juan Manuel Navarro da sailkapeneko aurreneko elgoibartarra. Laugarren postuan dago, lau punturekin. Eguenean Isidro Ruiz bigarren sailkatuaren aurka jokatuko duenez, irabaziz gero, Ruizekin berdintzeko aukera du Zubi Ondo xake taldeko ordezkariak. Txapelketako irabazlea erabakitzeko bigarren partida erabakigarria liderrak eta Jonny Sadussea venezolarrak jokatuko duten partida izango da. Txapelketa irabazteko faboritoa zen Sedussea. Ruizi irabaziz gero, honek ere bost puntu lortuko lituzke. Txapelketari buruzko informazio osoagoa (sailkapenak, partidak, jardunaldiak...) hemen: info64.org
• Nazioarteko Xake Txapelketa abenduaren 12tik 18ra
Eguaztenean, abenduaren 12an, hasiko da ITS Security 28. Elgoibarko Maisu Handien Nazioarteko Xake Txapelketa, udaletxeko pleno aretoan. Xakeko hamar maisuk hartuko dute parte txapelketa beteranoan. Azken orduko aldaketa bat ere egon da eta Ilmars Starostits Maisu Handi letoniarrak hartuko du Luis Galego portugaldarraren lekua, azken honek ezingo duela Elgoibarrera etorri jakinarazi baitie antolatzaileei.
• ITS Security Irekia eta eskolartekoa, asteburuan
ITS Security Irekiaren estreinako ekitaldia ere antolatu du Elgoibarko xake taldeak, eta harrituta eta pozik daude xakelarien artean izan duen harrerarekin. 50 xakelarik eman dute izena, antolatzaileek jarritako muga, eta itxaron zerrendan gelditu behar izan dute batzuek. "Ekainean antolatu genuen Nazioarteko Danobat Irekia oso ondo irten zen eta agian hori izan da horrenbeste lagun parte hartzera animatzeko arrazoietako bat", azaldu dute. Izen handiko xakelariek ere eman dute izena, besteak beste, Elgoibarko Nazioartekon Xake Txapelketan ohikoak diren Aleksa Strikovic serbiarrak edo Paul Velten frantziarrak. Carlos Suarez asturiarra, Nicolo Napoli italiarra edo egungo Euskal Herriko txapelduna den Mikel Huerga nafarra dira parte hartuko dutenetako batzuek. Aipaturiko bost xake maisu horiez gainera, jatorri askotariko xakelariek hartuko dute parte: Bilbo, Gasteiz, Barakaldo, Elgoibar, Eibar, Donostia, Soraluze, Azkoitia, Azpeitia, Elorrio, Durango, Arrasate, Santurtzi, Santander, Liendo, Gijon, Madril edo Barbastrokoak, besteak beste. Estreinako ITS Security irekia abenduaren 15ean jokatuko da, Kultur Etxeko sotoan, 10:30ean hasita. Informazio osoagoa: chess-results.com
Azkenik, eskolarteko xake txapelketa jokatuko dute domekan (abenduak 16), sotoan baita ere, 10:00etatik aurrera.