Opinated About Dining (OAD) webgune espezializatuaren arabera, 2019ko Europako ehun jatetxe tradizional onenen artean dago Mendaroko Landa erretegia, 51. postuan, hain justu ere. Zerrenda horretan beste sei euskal jatetxe daude aurretik: Donostiako Ibai (lehenengo postuan), Getariako Elkano (bigarren), Tolosako Casa Julian (bosgarren), Getariako Kaia Kalpe (bederatzigarren), Larrabetzuko Hormo Onda erretegia (23.) eta Lekunberriko Epeleta erretegia (39.).
Besteak beste, Paris, Londres, Donostia, Lyon eta Bartzelona moduko hirietako jatetxeak daude zerrendan. 6.000 erabiltzaile eta aditu baino gehiagok egindako erreferentzien eta iruzkinen arabera osatzen dute zerrenda. Steve Plotnicki estatubatuarrak sortu zuen Opinated About Dining eta 2007an hasi ziren Amerikako Estatu Batuetako eta Europako jatetxe onenen zerrendak argitaratzen. Algoritmo baten bidez kudeatzen dituzte erabiltzaileek jatetxeen gainean emaniko iritzak. Arrakasta izan du gastronomia munduan eta beste zerrenda batzuen (Michelin edo The World’s 50 Best Restaurants) parean ere jartzen dute zenbaitzuek.
Aurten gainera, Donostiako Maria Cristina Hotelean egingo dute sari banaketa ekitaldia, maiatzaren 18tik 20ra.
- Ikus hemen Europako 100 jatetxe onenen zerrenda opinionatedaboutdining.com