Markel Olanok erreminta-makinaren aitzindaritza aitortu du 4.0 industria eta pertsonen talentuaren aldeko apustuan, gaur goizean, Elgoibarrera egindako bisitan. Elgoibarrek etorkizunerako dituen egitasmo eta desafioak ezagutzeko aukera izan du Ane Beitia Elgoibarko alkatearekin izan duen bileran. Ondoren, Berkoa Machine Tools kooperatiba bisitatu dute agintariek. Olanok, Ainhoa Aizpuru eta Imanol Lasa foru diputatuak lagun zituela egin du bisita.
"Makina-erremintaren ibilbidea arrakastatsua izaten ari da 4.0 insustriaren iraultzara egokitzeko garaian. Gure enpresak eraldatze hau probesten ari dira lehiakortasunean aurrera pausoa emateko. Lurraldeko eta eskualde honetako sektore enblematiko honek etorkizuneko industriaren bidea erakusten digu", esan du Olanok, Ibaitarten dagoen lantegira bisita egin ostean prentsaren aurrean eginiko adierazpenetan. Aipatu duen etengabeko ahalegin horren lekuko dela Berkoa azpimarratu du Olanok. "2016an sortu zuten kooperatiba hau garai bateko Kondia enpresako langile ohiek eta gaur egun batez ere automozioa, aeronautika eta ekipo ondasunetarako makina-erreminta fabrikatzen du. Berrikuntzan eta 4.0 industrian egindako ahaleginari esker, nazioarteko merkatuetan gero eta sendoago dihardu lanean, bere produkzioaren erdia baino gehiago kanpoan saltzen baitu", azaldu du diputatu nagusiak.
Berkoa bisitatu ostean, Makina Erremintaren Museora joan dira agintariak. Hogei urte betetzearekin batera etapa berria hasi nahi dute museoko arduradunek, eta museoa gizarteratzea izango da helburu nagusia, hau da, orain arte egindako lana bistaratzea eta ezagutzera ematea, bai Elgoibarren eta baita herritik kanpora ere. Asmo hoien inguruko azalpenak jaso ditu Ahaldun nagusiak museoan. Elgoibarrera eginiko bisita Aita Agirre Kulturunea berritzeko obrak bisitatuz amaitu du Olanok.