Udalak ez du onartu IZA enpresaren alegazioa eta isuna jartzea erabaki du

Barren.eus 2019ko mai. 9a, 14:00

IZA Obras y Promociones SA eraikuntza enpresa eta Elgoibarko Udala ez datoz bat Aita Agirreko obrak amaitzeko datarekin. IZAk alegazioa aurkeztu zuen baina joan zen astean batu zen Udalbatzak ez onartzea erabaki zuen.

 IZA Obras y Promociones SA enpresari espedientea zabaltzea erabaki zuen Elgoibarko Udalak otsailaren 28ko Osoko Bilkuran, Aita Agirre eraikineko lanetan atzeratu egin zelako. Atzerapen egun bakoitzeko 631,27 euroko isuna jartzea erabaki zuen. Udalaren esanetan, urtarrilaren 15erako bukatu behar zituzten lanak, hortaz, egun horretatik obren harrera egiteko akta sinatzen zen egunera arteko isuna jartzea erabaki zuen. Iza enpresak alegazioak aurkeztu ditu, esanez ez dagoela ados lanen amaiera data horrekin, eta bere ustez, maiatzaren 15a hartu behar dela amaiera data moduan. Enpresaren esanetan, Administrazio Baldintza Berezien pleguaren 2. baldintzak ezartzen du obrak gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango dela. Horrez gain, epea bi hilabetez luzatu zela diote, eta kontratuan bertan ezarrita zegoela hilabeteko etenaldia egingo zela. Hortaz, enpresak dio 22 hilabeteko epean bukatu behar zituztela lanak, hau da, maiatzaren 15erako, eta isuna egun horretatik aurrera aplikatu beharko litzaikeela.

 Joan zen astean batu zen Udalbatza, eta ez zuen onartu IZA Obras y Promociones SA enpresaren alegazioa. Beraz, isuna jarriko diote. Udaleko arduradunek esan dute egia dela Baldintza Administratibo Berezien pleguan obren gauzatze epea 18 hilabetekoa izango zela adierazten zela, baina IZA enpresak hamalau hilabetetan egingo zuela adierazi zuela eta horrela jaso zutela 2017ko uztailean sinatu zuten kontratuan. Une honetan, beraz, Udalak ez daki obrak noiz bukatuko diren, obren harrera egiteko beharrezkoa den akta ez dutelako sinatu oraindik.

∞Lotura duten albisteak: