Aita Agirre kulturgunea eraikitzeko proiektuak 3 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 510.000 euro jarri ditu eraikina finkatu, eraberritu eta zaharberritzeko obrak egiteko. Hori dela eta, Aldundiko zenbait ordezkarik, Denis Itsaso Kulturako Diputatua buru, eraikinean egiten diharduten lanak bisitatu dituzte gaur goizean.
Ane Beitiak adierazi du oso gutxi falta dela Aita Agirre espazio soziokultural erreferente bihurtzeko, "ez bakarrik Elgoibarren, baita eskualde mailan ere", zehaztu du. Alkatearen berbetan, erabilera askotariko espazioa izango da, moldagarria, instituzioen elkarlanetik jaiotakoa eta herriko elkarteek adierazitako beharrizanetara egokitutako lanaren emaitza. Era berean, Beitiak esan du kanpoaldean, plaza berrurbanizatzeko lanak martxan direla, oinezkoei espazio gehiago eskainita. Honez gain, umeen jolas gunea ere berreraikiko dute, joko berriak izango dituen beste espazio bat sortuz eta erdigunean aparkatzeko 74 aparkaleku plazak mantenduz.
Denis Itxasok proiektuaren garrantzia azpimarratu du eta, eraikinak izango duen balio aniztuna, malgua, modernoa eta funtzionala goraipatu du. "Gure ondarea zaintzen jakin behar dugu, baina, aldi berean, erabilera praktikoa eman behar diogu, hori baita gure ondarea zaintzeko modu bakarra; proiektu hau jokabide horren adibide argia da. Elgoibar herri bizia da, eta kultura arloan lan egiten duten mota guztietako entitate ugari daude; beraz, elkarteek bai herritarrek merezi dute beraien beharrei erantzungo dien toki egoki bat izatea" esan du.
Elgoibarko Udal Musika Bandak eta Mauxitxa txarangak entseguetarako erabiliko dute beheko solairua, akustika ona duen gunea dela-eta. Erabilera askotariko bi areto ere izango ditu eraikinak, erakusketak jartzeko eta kultura ekintza ezberdinak antolatzeko, behe solairuan eraikiko den Kafe Antzokiarekin lotuta.
Lehenengo solairuan hitzaldi areto bat jarriko dute, eta bertatik eraikinaren terraza berrira eta Euskara, Kultura eta Gazteriako udal sailetara sartu ahal izango da.
Bigarren solairuan liburutegi "moderno" bat jarriko dute. Azkenengo solairuan, teilatupean, Debabe udal euskaltegia kokatuko da, eta baita Elgoibarko Izarra elkartea ere.
- Aita Agirre plaza berrurbanizatzeko lanak urtarrilean hasiko dituztela jakinarazi du Udalak (2018-11-27)
- Aita Agirre kulturgunea ari da itxura hartzen (2018-09-28)
- Aldundiak 510.000 euro jarriko ditu Aita Agirre Kulturgunea birgaitzeko egitasmorako (2017-09-14)
- Aita Agirre eraikina birgaitzeko lanak 2,39 milioi euroan esleitu dizkiote IZA enpresari (2017-05-25)
- Aita Agirre eraikina berrantolatzeko proiektua ezagutarazteko webgunea zabaldu du Udalak (2017-01-16)
- Aukeratu dute nork erredaktatuko duen Aita Agirre eraikina berritzeko proiektua (2016-06-10)
- Udal Gobernua: “Kultur guneak berrantolatzeko parte-hartze prozesua herritar guztiei zabalik dago” (2014-07-08)
- EHBilduk ezinbestekotzat jotzen du udalaren kultura politika zehaztea (2014-06-26)
- Aita Agirreko eskolaren etorkizuna definitzeko parte hartze prozesua abian jarriko du Udalak (2014-04-01)
- Anbulatorioa Plaza Txikira? (2010-05-21)
- Izenez txikia baina izatez handia dela erakutsi du Plaza Txikiak (2010-10-04)
- Plaza Txikia eta inguruak asfaltatzeko lanak hasi dituzte (2007-01-31)