Futbolerako eta bizitzarako garrantzitsuak diren balioez berbetan aritu dira Vicente Del Bosque eta Jesus Mari Zamora

Barren.eus 2019ko mai. 28a, 21:15

Futbol ibilbide luze eta arrakastatsuan ikusi eta ikasi dituzten balioez berbetan aritu dira Vicente Del Bosque eta Jesus Mari Zamora Elgoibarko Herriko Antzokian, Elgoibar Europako Kirolaren Herria dela ospatzeko antolatutako ekitaldian.

• Nuala elkartekoekin argazkia

Elgoibarrera ailegatu ostean, Realeko eta Real Madrileko atezaina izan zen Jose Arakistain (Elgoibar, 1937) eta Jesus Mari Zamorarekin berbetan aritu da Vicente Del Bosque, Txarriduna Hotelean. Gero, 18:00ak aldera, Elgoibarko Nuala elkarteko kideekin elkartu da Del Bosque. Aniztasun funtzionala eta adimen urritasuna duten pertsonen guraso eta lagunen taldea da Nuala. Espainiako futbol selekzioko hautatzaile ohiak Down sindromea duen seme bat du, eta Nualakko kideak ezagutzeko gogoa zuela adierazi du. Guztiak banan banan agurtu ondoren talde argazkia atera dute, udal agintariekin batera. 

Hitzaldi interaktiboa

Del Bosquek eta Zamorak Herriko Antzokian eman duten hitzaldia 19:00etan hasi da. Ane Beitia alkateak hasi du saioa eta ondoren bakoitzaren futbol ibilbidea erakusten zuen bi bideo eman dituzte zine pantailan. Garazi Ayestak eta Iñigo Asensio kazetariek aurkeztu eta gidatu dute saioa interaktiboa izan da, aurkezleek galdetegi batean parte hartzera gonbidatu baitituzte ikusleak. Horrelako kasuetan egiten denaren kontra, mugikorrak ez itzaltzeko eskatu diote publikoari eta mugikorren bitartez Kahoot! plataforman sartzeko. Hala, zine pantaila handian ageri ziren galderei erantzun ahal izan diete ikusleek, eta zuzenean ikusi ahal izan da zein zen erantzun errepikatuena. Besteak beste, honako galderak erantzun dituzte: Kirolaren balioak sustatzeko, zer pertsonatan jarri behar da indar gehiago?; Ze balio uste duzu direla garrantzitsuenak gazte kirolarien formakuntzan? edo Ze pertsona iruditzen zaizu garrantzitsuena talde handi batek aurrera egin dezan ziurtatzeko?

Vicente Del Bosquek eta Jesus Mari Zamorak hartu dute hitza gero eta hainbat gairi eta baloreri buruz berba egin dute: lidergoa, porrota, frustazioa, errespetua, umiltasuna, taldeen kudeaketa, entrenatzaileen lana... Era berean, gaur egungo futbola eta futbolariak eta lehengoak ere alderatu dituzte. Zamorak nabarmendu du telebistaren eta komunikabideen eragina, "dena jasotzen dute orain kamerek, eta dena aztertzen da zehatz metaz", eta arbitratzeko era aldatu direla berak jokatzen zuen garaitik hona, baina pertsonak antzerakoak garela lehen eta orain. Del Bosquek gaineratu du aldagela osatzen duten jokalarien funtsezko izaera berdina dela pentsatu nahi duela. Aldatu duren gauzen artean, taktika eta alor fisikoa gehiago lantzen direla orain esan du.

Horren lehiakorra den futbolean ohikoak ez diren bi gertaera ere erakutsi dizkiete pare bat bideotan. Jokalari bat min hartuta zegoela sartutako golak sortutako zalapartaren ostean, gola egin zuen taldeak gol bat jasotzen laga zien gero aurkariei; eta, bigarren bideoan, penaltirik ez zegoela aitortzen dio jokalari batek penaltia pitatu berri duen arbitroari. Ezhoikoak diren bi portaera horiek aztertu eta euren iritzia eman dute Del Bosquek eta Zamorak.

2010ean Munduko futbol txapelketa irabazi zuen entrenatzaileak kirol talde guztietan porrota kudeatzen jakin behar dela esan du, baina garaipena ere tentu handiz kudeatu behar dela, "garaipenek ahulago ere egiten gaituztelako Espainiako selekzioan porrotak zein garaipenak kudeatzea tokatu zitzaigun eta garaipenak kudeatzen asmatzea zailagoa dela uste dut". Umeei porrotak onartzen irakatsi behar dietela helduek gaineratu du Del Bosquek, "beti ailegatzen baita porrota". Munduko Txapelketa jarri du adibidetzat. "210 herrialdek jokatzen dute Munduko Futbol Txapelketa. Ez naiz okertu, horiek dira txapelketa hasten dutenak, baina bakarrak irabazten du. Gainerakoak kale egin al dute? frustazioa edo antzerako zerbait izango da, baina ez da porrot egitea. Azkenengo Munduko Txapelketako adibide bat jarriko dizuet. Japoniak 2-0 irabazten zion Belgikari, baina azken minutuetan markagailuari buelta eman eta 3-2 irabazi zuen paertida Belgikak, Japonia mundialetik kanpo lagaz. Japoniarrek normaltasunez onartu zuten porrota, ez ziren negarrez hasi, zergatik negar egin? are gehiago aldageletara joan eta garbi garbi laga zuten. Hori da irabazten ez denean eduki behar den portaera, uste dut. Galtzen denean porrota onartu ...eta kitto. Hori da gaztetxoei eman diezaiekegun exenplurik onena. Irabazteko lehiakortasun eta exigentzia handia dago goi mailako kirolean, baina ez da aitzakia nahikoa galtzen denean behar ez den portaera izateko. Selekzioko hautatzaile postuan 114 partida egin nituen eta txartel gorri bakarra atera ziguten. Harro nago jokalariek eduki zuten portaeraz".

C.D. Elgoibarreko jokalari gaztetxoek eginiko galderak ere erantzun dituzte. Futbolari profesional izatera ailegatzea oso-oso zaila, ia ezinezkoa dela esan die Del Bosquek, eta neska-mutil onak izatean jartzea ahaleginak.