Kirolaren balioez hitzaldia emango dute Vicente Del Bosquek eta Jesus Mari Zamorak

Barren.eus 2019ko mai. 24a, 07:41

Vicente del Bosquek eta Jesus Mari Zamorak kirolaren balioen inguruan berba egingo dute Elgoibarko Herriko Antzokian, datorren martitzenean (maiatzak 28). 19:00etan hasiko da solasaldia eta doakoa izango da.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Europako Kirolaren Herria 2019 izendapena ospatzeko garatzen ari den programazioaren barruan antolatu du Vicente Del Bosquek eta Jesus Mari Zamorak emango duten hitzaldia. Herriko Antzokian izango da, 19:00etan (*BARREN aldizkarian 19:30ean izango dela dator, baina 19:00etan hasiko da).
Vicente Del Bosque, Real Madril taldean jokalari eta entrenatzaile aritutakoa da eta hainbat titulu irabazitakoa: 5 Liga eta 4 Kopa, besteak beste. Espainiako futbol selekzioko hautatzailea ere izana da Del Bosque eta Munduko eta Europako futbol txapelketak irabazi zituen selekzioak bere gidaritzapean. Jesus Mari Zamorak, berriz, Realarekin bi Liga, Kopa eta Superkopa bana irabazi zituen. Realeko entrenatzailea ere izan zen 2000-2001 denboraldi bukaeran, Olabe eta Masachekin batera, eta 2002-2003 Ligan txapeldunorde gelditu zen Denoueix-en laguntzaile zela. Halako ibilbide luzean eta arrakastatsuan ikusi eta ikasi dutenaz berba egingo dute biek.