Bigarren urteko alebin mailako hamar pilotari lehiatu dira, buruz buru, Eskuko Berezkoen Gipuzkoako Txapelketan. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak hautatu zituen hamar parte hartzaileak, hautaketa probetan nabarmendu ziren pilotariak eta aurrez jokatutako txapelketetan emaitzarik onenak lortu zituztenak, hain zuzen ere. Horien artean zen Lagunak Pilota Eskolako Iker Izagirre. Txapelketa aparta egin du pilotari elgoibartarrak eta finalerako sailkatzea lortu zuen. Oñatiko Zubikoa pilotalekuan jokatu zuten finala, joan den zapatuan. Izagirrek Intxurre taldeko Murua izan zuen aurkari finalean eta nagusitasunez irabazi zion, 16-4ko emaitzarekin.
Izagirrek hiru txapel eskuratu ditu denboraldi honetan. Lehen biak Iriondorekin batera irabazi zituen bikotekako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa eta Euskadikoa irabazita.
∞Lotura duten albisteak:
- Izagirre-Iriondo bikoteak irabazi du Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa (2019-04-02)
- Iker Izagirre Eskuko Berezkoen Gipuzkoako Txapelketan lehiatzeko hautatuen artean (2019-03-27)
- Iker Izagirrek ezin izan zuen finalerdietarako sailkatu (2018-12-17)
- Gipuzkoako txapelketako final-laurdenetako partida jokatuko du Iker Izagirre pilotariak Ikastolako frontoian (2018-12-14)