Makina erremintaten sektorean erreferente den moduan, euskara lantokietan sustatzeko lanean aitzindaria eta ikurra da Danobat. "Danobatgroupeko enpresak apustu garrantzitsua ari dira egiten kooperatibetan euskararen erabilera handitu, normalizatu eta kudeatzeko lanetan. Horren adierazgarri da enpresa taldeak gizartearekiko konpromisoaren baitan euskararekiko daukan erantzunkidetasuna, bai eta azken hogei urteetan euskararen erabilera handitzeko helburuarekin eman dituen urratsak ere", adierazi dute azkena jaso duten Bikain ziurtagiriaren harira. Izan ere, taldea osatzen duten beste kooperatiba batzuk ere badira Bikain ziurtagiriaren jabe, Ideko Teknologia zentroak, Soraluce, Latz eta Goimekek zilarrezko ziurtagiria eskuratu dute azken urteetan eta Danobat kooperatibak urrea eskuratu baitzuen 2017an.
BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du, hain zuzen ere. Ziurtagiriaren hamaika urteko ibilbidean, 400etik gora izan dira ziurtagiri honen jabe egin diren erakunde publiko zein pribatuak, bai zerbitzu alorrekoak bai eta industriakoak ere.
Aurten 25 entitate eta enpresak jaso dute euskararen kalitate ziurtagiria. Donostiako Kursaalean egin zuten, eguaztenean, ziurtagiri berriak emateko ekitaldia.
• Elgoibarren Bikain ziurtagiria duten entitateak
- Elgoibarko Udalak 2016an lortu du urrezko Bikain ziurtagiria
- IK4 Ideko enpresak 2016an jaso du zilarrezko Bikain ziurtagiria
- Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak 2015ean lortu zuen Urrezko Bikain Ziurtagiria.
- Elgoibar Ikastolak 2011n lortu zuen Urrezko Bikain Ziurtagiria
- Danobat Kooperatiba elkarteak 2008an lortu zuen Zilarrezko Bikain Ziurtagiria
- Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak (IMH) 2008an jaso zuen lehen aldiz zilarrezko Bikain eta 2015ean berriro ere aurkeztu zen, eta zilarrezko Bikain sendoago lortu zuen, aurrekoa baino puntu gehiagorekin.