Argazkiez gainera, azken 50 urteotako Txiki Egunetako bideoak ere ikus daitezke erakusketan ipini duten telebista batean, eta baita txarangakoek erabili izan dituzten jantziak ere, besteak beste. Gaur arratsaldean inauguratu dute erakusketa, eta abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean. Inaugurazioaren aurretik kalejiran irtetekoak ziren Mauxitxakoak, baina euria ari zuela-eta bertan behera laga dute.
Txarangako kide Migel Arozenak hartu du hitza inaugurazio ekitaldian, eta txarangatik 90 lagun baino gehiago pasa direla esan du, eta lagun dioenean benetako lagunez ari dela nabarmendu du. "Beti egon da giro izugarria txarangako kideon artean, eta ziur naiz txarangan jo dugun guztiontzat oso aberasgarria izan dela", esan du. Elgoibarko Udalari eta Danobat enpresari eskerrak eman dizkie Arozenak txarangaren izenean. "Udalari beti alboan izan dugulako babesa ematen eta Danobati asko lagundu digulako urteurrenerako ekitaldiak antolatzen. Joango zarete ikusten zenbat ekitaldi ditugun prest", aurreratu du. Izan ere, urte guztirako egitaraua prestatu du Mauxitxak. Grabatu duten dokumentalaren emanaldia izango da hurrengoa. Abenduaren 19an emango dute, Herriko Antzokian. 21:00etarako programatu dute emanaldia eta debalde sartu ahal izango da antzokira.
∞Lotura duten albisteak: