Basarteko bizilagunak zarata murrizteko panelik gabe jarraitzen dutela salatu du EH Bilduk

Barren.eus 2020ko ots. 3a, 10:16

EH Bilduk gogoratu du zarata murrizteko panelak A-8 autobidean noiz jarriko zain jarraitzen dutela Basarteko bizilagunek. Elgoibartarrei emandako hitza bete egin behar dela dio EH Bilduk, eta emandako hitza betetzeko zailtasunak sortzen direnean, kaltetutako pertsonei "zuzenean eta zabal" eman behar zaiela informazioa. Era berean, Bilduk uste du autobidearen alde banatara panelak jartzea ez dela nahikoa, eta autobidearen tarte horretan abiadura muga 80 kilometro orduan jartzea proposatzen du.

 Elgoibarko EH Bilduk jakinarazi duenez, herriko bizilagunekin bilerak egin zituzten auzoz auzo, joan den udaberrian. Bilera erronda horren barruan jakin arazi zieten Basarte auzoko zenbait bizilagunek zaratekin dituzten arazoak, A-8 autobidetik igarotzen diren ibilgailuek zarata handia sortzen dutelako, eta horrek eragin zuzena duelako beraien egunerokoan eta bizi kalitatean. "Zarata murrizteko lagungarriak izan daitezkeen hainbat neurri proposatu zizkiguten orduan bizilagunek, besteak beste, zarata murrizteko panelak jartzea edota autobideko abiadura muga 80 kilometro ordura murriztea", azaldu dute.

EH Bilduk bere egin zituen Basarteko bizilagunen aldarrikapenak eta hauteskunde kanpainan aurkeztu zituen. Handik aste batzutara, "ezusteko atsegin" batekin topo egin zutela azaldu dute, "Elgoibarko EAJk ere autobidean panelak jartzea proposatzen zuen. Ez hori bakarrik, Bidegiko arduradun eta Elgoibarko alkate ohi Alfredo Etxeberriak iragarri zuen zarataren aurkako panelak urtea amaitu baino lehen jarrita egongo zirela. Elgoibarko Udalak ere iragarpen bera egin zuen. 2019eko maiatza zen, eta nahikoa denbora zegoen lanak egiteko".
  • Desjabetzeekin arazoak
"Iritsi da 2020 urtea eta urtarrila ere joan zaigu, eta Basarteko bizilagunak zarata murrizteko panelik gabe jarraitzen dute. Desjabetzeekin arazoak dituztela esaten digute orain Udal Gobernutik. Baina egia dena da panelak jarri gabe daudela eta horiek jartzeko lanak hasi gabe daudela oraindik. Basarteko bizilagunek hitz onak baino ez dituzte oraindik eta lanak egin egingo direnaren promesa. Joan den udaberrian esan zieten gauza bera, hain zuzen", adierazi du EH Bilduk prentsa ohar bidez.

Lanen exekuzioa bestelako administrazio bati dagokionean, Elgoibarko Udal Gobernuak jarraipen zorrotza egin behar duela uste dute, ezarritako epeak betetzeko eta egindako lanak aurreikusitakoak modukoak izateko eta, aldi berean, sortzen diren gorabeherak lehenbailehen ezagutu eta kaltetutako elgoibartarrei jakinarazteko.
  • Abiadura muga 80 kilometro orduan

Basarte inguruan A-8 autobidean zarata murrizteko panelak jartzeko tramiteak eta lanak jarraituko dituztela ohartarazi du EH Bilduk. Horrez gain, inguru horretan auzotarrek zaratarekin dituzten arazoei konponbidea emateko lanean jarraituko dute, autobidearen alde banatara panelak jartzea ez dela nahikoa uste baitute. "Arregitorre eta Erretxindiko goreneko solairuetako bizilagunek arazoarekin jarraituko dute". Horretarako, autobidearen tarte horretan abiadura muga 80 kilometro orduan jartzea proposatzen du. Ez sortzen den zarata murrizteko bakarrik, segurtasun arrazoiengatik ere bai. "Autobide tarte hori bihurria da, eta tarte horretan dauden babesak ez dira nahikoak. Ezin dugu ahaztu duela hilabete batzuk kamioia erori zela autobidetik Maltzagara. Basarten eta Ermuaranbiden ezbeharren bat gertatu aurretik, neurri eraginkorrak har daitezkeela uste dugu".

∞Lotura duten albisteak: