Zaraten aurkako pantailak 66,000 eta 67,500 kilometro puntuen artean jarriko dira, autobidearen bi aldeetan. 1,500 metroko luzera izango du Bilbo noranzkoan eta 700 metro Donostia noranzkoan, Ikastola paretik Institutuaren eraikina dagoen parera arte. Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak 1,5 milioi euro jasoak ditu 2019ko aurrekontuetan proiektu honetan inbertitzeko.
Lehen fasea ekainaren 7an hasiko dela aditzera eman du Bidegik. Autobide ondoan dauden Arregitorreko dorreen pareko zutoin elektrikoa kendu eta argindar linea lurperatzeko kanalizazio lanekin hasiko dira, zorua libre gera dadin pantailak jarri ahal izateko. Lan horiek Urbikolan eta Iberdrola enpresek egingo dituzte datozen sei hilabetetan.
Jarraian, urtea amaitu baino lehen ekingo dio Bidegik pantailak jartzeko lanei. Guztira 2,2 kilometro pantaila eraikiko dira. Bi aldeetako luzera guztian eta pantailen barrualdetik landareak jarriko dira "ikusizko inpaktua" gutxitzeko.